Azkoitiko herri-jaiak abuztuaren 15aren, Andre Mariaren jasokunde egunaren, inguruan ardazten dira. Festa hauek, gure artean, “Andramaixek” izenaz dira ezagunak eta festarako, ondo pasatzeko, familiarekin eta lagunekin bat egiteko 5 egun izan ohi dira, gutxi gorabehera. Uda aldiko jaiak dira, beraz, eta jendeak kalean egiten du festa eta jaia.
Jai horien hasera ofiziala abuztuaren 14an izanten da, egun handiaren bezperan, “Andramaixek” hasi direla adierazten duen suziria botatzen denean. Suziria botatzeko uneetan Herriko Musika Bandak “Ondo Pasau Andramaixek” doinua jotzen du, haiekin batera elizetako kanpaiak ere dilin-dalan, doinu alaian ari direla.
Abuztuaren 15ean, goizean, Udalbatza Osoa parrokiara joan ohi da, Meza Nagusia entzutera. Udaletxetik Elizara bitartean, Udalbatzarekin batera Musika Banda eta Txistulari taldea joan ohi dira, “Alkate Soinua” joaz. Bezperan, arratsaldez, abestu ohi den Salbea ere oso une berezia izaten da. Herriko pilotalekuan jokatzen diren pilota partidak ere oso interesgarriak izan ohi dira.
Festa hauetan ez dira faltako txiki eta handientzako eskaintzak: jolasak, musika, kirolak, lehiaketa eta txapelketak... eta, guztiaren gainetik, alaitasun handia guztiontzat. Ezin ahaztu hilaren 18an egin ohi den herri-bazkaria, paella oinarri duela.