Udalak azaroan parte-hartze prozesua abiatu zuen merkatariekin. Parte hartze prozesuaren helburua da Udalak eta gainerako erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuak nola hobetu aztertu eta horretarako, ahal den heinean, neurriak hartzea. Guztira 249 galdetegi banatu zituen Udalak abendua bitartean eta 81 jaso ditu bueltan erantzunekin.
Prozesuari jarraipena emateko, bilera egin du Udalak merkatariekin (martxoaren 17an, Elkargunean) galdetegien emaitzak aurkezteko eta haiek egindako eskaera, iradokizun, e.a.etan sakontzeko elkarlanean.
Lan taldeak osatu dituzte Iraurgi Berritzeneko Alazne Larrañaga eta udaleko merkataritza eta euskara teknikariekin, Kontxi Larrañaga eta Jasone Bilbao teknikariekin, hurrenez hurren. Parte hartu dute Miguel Angel Bastida, Sonia Vazquez eta Nekane Larrañaga zinegotziek ere.
Galdetegian hiru atal nagusi jorratu dira. Merkataritza nola indartu, euskararen presentzia eta eskaintzen diren diru-laguntzak nola hobetu edo optimizatu.
Besteak beste, merkatariei galdetu zaie ea Udalak zer egin beharko lukeen herriko merkataritza indartzeko. Galdera horren aurrean, eskaeran askotarikoak dira: kaleak hobeto argiztatzea, azoka Herriko Plazan egitea, ekintzak auzoetara zabaltzea, kale animazioa areagotzea edota tasak jaistea proposatzen dute. Halaber, larunbat arratsaldeetan dendak ixtearen alde agertu da gehiengoa.
Udaleko euskara saila merkataritzan euskararen presentzia nola indartu aztertzen ere ari da dendariekin elkarlanean bide berriak urratzeko asmoz, izan ere, Euskara bai ziurtagiria ekimenak, esaterako, ez duela euskararen erabilera sustatzen adierazi dute merkatariek eta beraz, proposamen berriak landu nahi dira.
Diru-laguntzei dagokienez, informazio gehiago eskatu dute dendariek.
Prozesuari jarraipena emateko proposaturiko ekintzak egingarriak diren edo ez, nori dagokion gauzatzea edota zer aurrekontu beharko litzatekeen aztertuko dute arduradunek.