“Gipuzkoako azoken sarea” egitasmoaren baitan, Azkoitiarrek azoka berrindartzeko dinamikarekin bat datorren galdetegi bat betetzeko gonbidapena luzatzen zaie herritarrei.
Landaola (Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioa), gure herrietako ekonomiaren, kulturaren eta tradizioaren elementu egituratzaile diren Gipuzkoako azokak dinamizatzeko egitasmo bat sustatzen ari da. Elika Fundazioaren inplikazioa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalen laguntza bereganatzen dituen egitasmo honek, tokian-tokiko azokak indartuz, “Gipuzkoako azoken sarea” eratzea du xede. Azkoitiko azokak lurralde osoko beste 15 udalerritako azokekin batera parte-hartzen du proiektu honetan, Ikertalde aholkularitza enpresa bidelagun izanik.
Azkoitiko azokaren egungo errealitatea ulertu eta aurrera begirako premia nagusiak eta nahiak zeintzuk diren ezagutzeko, funtsezkoa da azoka ardazten duten eragile guztien iritzia barneratzea. Hortaz, Azkoitiko azoka balioan jartzeko eta bere etorkizuna elkarrekin hausnartzeko, ondorengo galdetegia betetzeko deia egiten zaie Azkoitiko bizilagunei. Martxoaren 31n itxiko da galdetegian parte hartzeko aukera.
Guztion artean, Azkoitiko azokaren etorkizuna bermatzea lortuko dugulako, animatu eta parte-hartu! Klikatu loturan: https://labur.eus/yNcuK