Aurretiazko kontsulta publikoa ordenantza orokorra, zergen eta toki zuzenbide publikoko beste dirusarrera batzuen kudeaketa eta bilketa arautzen duena aldatzeko. Ekarpenak egiteko azken eguna: 2021eko uztailaren 14a, egun hori bera barne.
I.- AURREKARIAK
7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituenak, 106. artikuluak xedatzen du toki-erakundeek tributuak ezarri eta eskatzeko autonomia izango dutela, toki-ogasunak arautzen dituen Estatuko legedian eta legedi horrek berariaz adierazitako kasuetan autonomia-erkidegoek emandako legeetan
aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Zerga-arloan toki-erakundeek erregelamenduak egiteko duten ahala beren tributuak arautzeko ordenantza fiskalen eta kudeaketa, bilketa eta ikuskapeneko ordenantza orokorren bidez beteko dela eta Ordenantza horiek ondo ulertzeko eta argitzeko xedapenak eman ditzaketela toki-korporazioek. Toki-erakundeen eskumenekoa dela beren tributuen kudeaketa, bilketa eta ikuskapena, esparru zabalagoko toki-erakundeei zein beren autonomia erkidegoei eskuordetzan eman badiezazkiekete ere, eta beste toki-erakunde batzuekin, autonomia-erkidegoekin zein estatuarekin lankidetza-moduak lotu baditzakete ere, beti ere Estatuko legedian ezarritakoarekin bat etorriz.
2/2004 Legegintza Errege Dekretuak, toki-ogasunak arautzen dituenak, 12. artikuluak xedatzen du tokiko tributuen kudeaketa, likidazioa, ikuskapena eta bilketa Zergei buruzko Lege Orokorrean, gaia arautzen duten Estatuko gainerako legeetan eta hura garatzeko emandako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera egingo dela eta toki-erakundeek, beren zerga-ordenantzen bidez, araudira egokitu ahal izango dutela haietako bakoitzaren antolaketa- eta funtzionamendu-araubidera, baina egokitzapen horrek ezin izango duela araudi horren eduki materiala urratu. Era berean, 15.3 artikuluaren arabera toki-erakundeek erregelamenduak egiteko ahala izango dute, bai toki-zergak arautzen dituzten ordenantza fiskaletan, bai toki-zergen kudeaketa, likidazioa, ikuskapena eta bilketa berariaz arautzen dituzten ordenantza fiskalak onartuz.
38/2006 Foru Dekretuak, abuztuaren 2koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamendua onartzen duenak 37. artikuluaren arabera geroratzeko eskaerak, sarrera horiei buruzko arauetan, jasotakoaren arabera tramitatu eta ebatziko dira. Halako araurik ez badago, 38/2006 Foru Dekretuko erregulazioa aplikatuko zaie ordezko gisa. Alegia, Udal-administrazioek ez badute ordenantza baten bidez geroratzeko eskaeren baldintzak eta prozedura arautzen ordezko gisa Foru Dekretua aplikatuko zaiela.
39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzkoak, bere VI. Tituluan arautzen ditu administrazio publikoen legegintza ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala. 133. artikuluan ezartzen da legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko dela administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, zeinean etorkizuneko arauak uki ditzakeen subjektuen eta antolakunderik ordezkagarrienen iritzia jasoko den.
Gainera, 11/1989 Foru Arauak, uztaila 5ekoak, Gipuzkoako Tokiko Ogasunen erregulatzaileak, bere 7. artikuluan, xedatzen du Gipuzkoako Lurralde Historikoko Udalerriei dagozkiela, Foru Arau honek ezartzen duen esparruan, bere zergen kudeaketa, ikuskaritza eta bilketa, zeinak egingo diren, foru arau udal zergen erregulatzaileetan eta horien garapenerako emandako bestelako xedapenetan ezartzen diren espezialitateei kalterik egin gabe, Foru Zerga Arau Orokorrean eta horren garapenerako emandako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera. Foru Arau bereko 12. artikuluak zehazten du Udal Tributuen kudeaketa, likidazio, ikuskapen eta bilketari dagokionean, Zergetako Foru Arau Orokorreko 107. artikuluak aipatzen dituen kontsultak kanporatzeko eskumena, konpetentziaren jabe den Entitate Titularrari dagokiola.
II.- ORDENANTZAREN EDUKIA:
Ordenantzaren edukia honakoa da: Zioen azalpena, lau kapitulu, hamalau artikulua eta azken xedapen bat.
Lehengo kapituluan xedapen orokorrak agertzen dira: Ordenantzaren xedea, Lege araubidea, zerga egutegia, kudeaketa organoak, diru-bilketaren sistema, banku-helbideratzeak eta helbidea arautzen direlarik bertan.
Bigarrengo kapituluan ordainketa geroratu eta zatikatzeko baldintzak eta prozedura arautzen dira: Eskaera, epeak eta zenbatekoak, ez ordaintzearen ondorioak, prozedura, eskaerak ez onartzea, egoera ekonomiko finantzarioaren azterketa eta ebazpena arautzen direlarik.
Hirugarrengo kapituluan kreditu kobraezinak izendatzeko prozedura eta berrikuspenak arautzen dira: kreditu kobraezinak deklaratzeko proposamenak, kreditu kobraezinak berrikustea eta birgaitzea arautzen direlarik.
Ordenantza honen aldaketak ordenantza fiskalei bakarrik eragingo die era formal batean. Hots, fondoan ez die eragingo ordenantza fiskalei, bakarrik berari erreferentzia egiten dioten artikuluetan zehazten dela 2015ko urtarrilaren 26an onartutakoa dela eta behin aldaketak onartu ezkero onarpen berriaren behin betiko publikazioaren data jarri beharko da.
III.-KONPONDU NAHI DIREN ARAZOAK
Proposatzen diren aldaketekin honako arazoak konpondu nahi dira:
1.- tributuen kudeaketa, likidazioa, ikuskapena eta bilketak dituen hutsune araugileak betetzea.
2.- Banku helbideratzearen baldintzak eta prozedura argitzea.
3.- Ordainketa geratu edo zatikatzeko gutxieneko zenbatekoak eguneratzea, baldintzak zehaztea eta prozedura argitzea. Berau, aplikatu ahal izateko ordaindu beharreko gutxienekoa zehaztea eta epeak eta zenbatekoekin batera. Eskaerak pertsona fisikoek edo juridikoek egiten badituzte bete beharreko edukia zehaztea, ordainketa ezaren ondorioak argitzea eta ez diren onartuko eskariak zerrendatzea.
4.- Kreditu kobraezinak proposatzeko baldintzak zehaztea zenbatekoaren arabera, berauen kudeaketa errazteko.
IV.- PROPOSATZEN DIREN ALDAKETA ESANGURATSUENAK
- Ordainketak geroratzea eta zatikatzeari dagokionez:
1.- Ordainketak geroratzeko eta zatikatzeko oinarria da zordunak, aldi baterako duen zailtasun ekonomiko-finantzarioa duela. Hots, zailtasun hau ez dela estrukturala. Horrela xedatzen du Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauaren 64. artikuluak. Orain arte indarrean egon den ordenantzan puntu hau ez zen zehazten eta beharrezkotzat jotzen dugu argi eta garbi jasotzea, gaizki ulertuak ekiditeko.
2.- Orain artean, 150€ zorra zen geroratu edo zatikatu zitekeen gutxienekoa. Gutxieneko hau urte askoan egokitu gabe egon da eta gaur egungo errealitatera egokitzea beharrezkotzat jotzen da, aukera honen erabilera desegokiak ekiditeko. Horregatik, gutxienekoa 200€ igotzea planteatzen da eta beste zatiketa guztiak proportzio berean egokitzea nahi da. Alegia, 150-300 tartea izan beharrean 200-400 bitartekoa izatea. Gainera, aurreko ordenantzan ez bezala, epe eta zenbateko hauek gehiago zehaztea proposatzen da. Lehen ez ziren zehazten 3.000€tik gorakoak eta oraingo ordenantza horrela jartzea proposatzen da:
a) 200 eta 400 euro bitarteko zorren ordainketa hileko 3 epetan atzeratu edo zatikatu daiteke.
b) 400 eta 800 euro arteko zorren ordainketa hileko 6 epetan atzeratu edo zatikatu daiteke.
c) 800 euro baino gehiagoko eta 3.000 euro baino gutxiagoko zorren ordainketa atzeratu edo zatitu egin daiteke, hileko 12 epetara arte.
d) 3.000 eurotik gorako eta 12.000 eurotik beherako zorren ordainketa hileko 18 epetara atzeratu edo zatikatu daiteke, zatikatu/atzeratu beharreko zorraren %20 gutxienez sartuz.
e) 12.000 eurotik gorako zorren ordainketa hileko 24 epetara atzeratu edo zatikatu daiteke, zatikatu/atzeratu beharreko zorraren %20 gutxienez sartuz. Zenbatekoa 100.000 €-tik gorakoa bada, gutxieneko diru-sarrera 30.000 €-koa izango da.”
3.- Bestalde, aukera honen erabilera egokia bermatzeko proposatzen da ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskatzen den unean, zor osoaren %10 ordaintzea.
4.- Gainera, hiri-lurren balio-gehitzearen gaineko zerga atzeratzea edo zatikatzea ez onartzea proposatzen da, salbu agirien bidez frogatzen denean ordainketari ezin zaiola aurre egin, eta salmenta-prezioa higiezinaren kargaren berdina edo txikiagoa izan dela egiaztatzen bada. Bestela, aukera honen erabilera desegokia egiten delako.
5.- Aurreko ordenantza ez bezala, emateko edo ukatzeko prozedura zehazten da. Horrela, herritarrak argiago izango ditu eman beharreko pausuak eta aurkeztu daitezkeen errekurtsoak.
- Kreditu kobraezinak:
1.- Kreditu kobraezinak proposatzeko prozedura aurreko ordenantzan baino zehatzago eta argia jasotzeko beharra ikusi da azken urteotan. Ondorioz, kreditu kobraezinak deklaratzeko proposamena egin aurretik egiaztatu beharko diren baldintza eta betekizunak honela ezartzea proposatzen da:
- Frogagiriak desberdinak izango dira zorraren zenbateko eta ezaugarrien arabera, kasu hauek bereiziz:
a) 300,00 eurorainoko zorra duten espedienteak:
• Jakinarazpena Udalaren datu-basean agertzen den helbide fiskalean eta Biztanleen Erroldan agertzen den helbidean. Jakinarazpenaren emaitza negatiboa bada, iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
• Finantza-erakundeetan funtsak bahitzeko ahalegina, emaitza negatiboarekin.
b) 300,01 eurotik 3000,00 eurora bitarteko zorra duen espedientea:
• Jakinarazpena Udalaren datu-basean agertzen den helbide fiskalean eta Biztanleen Erroldan agertzen den helbidean. Jakinarazpenaren emaitza negatiboa bada, iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
• Finantza-erakundeetan funtsak bahitzeko ahalegina, emaitza negatiboarekin.
• Soldatak, lansariak eta pentsioak bahitzeko ahalegina, emaitza negatiboarekin.
• Gipuzkoako Foru Aldundira bidalitako ordainagiriak itzultzea, kobrantza negatiboarekin.
• Zorduna ibilgailuaren jabea ez dela egiaztatzea, edo, jabea izanez gero, 12 urtetik gorako antzinatasuna duela egiaztatzea.
c) 3.000,01 eurotik 10.000,00 eurora bitarteko zorra duen espedientea:
• Jakinarazpena Udalaren datu-basean agertzen den helbide fiskalean eta Biztanleen Erroldan agertzen den helbidean. Jakinarazpenaren emaitza negatiboa bada, iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
• Finantza-erakundeetan funtsak bahitzeko ahalegina, emaitza negatiboarekin.
• Soldatak, lansariak eta pentsioak bahitzeko ahalegina, emaitza negatiboarekin.
• Gipuzkoako Foru Aldundira bidalitako ordainagiriak itzultzea, kobrantza negatiboarekin.
• Zordunaren izenean, Jabetza Erregistroan edo beste edozein erregistro publikotan inskribatutako ondasunik ez dagoela egiaztatzea.
V.- ONARTZEKO BEHARRA ETA EGOKITASUNA
Indarrean jarri nahi den kudeaketa, likidazio, ikuskapen eta bilketa gestioa indartzeko beharrezkoa da ordenantza hau ahalik eta azkarren indarrean sartzea. Horretarako, behin betiko onartuta egon behar du eta GAOn argitaratuta.
VI.- ORDENANTZAREN HELBURUAK
Azkoitiko Udala, Azkoitiko herritarren beharrak kontuan hartuz, Kudeaketa, likidazio, ikuskapen eta diru-bilketako tributuak gestionatzeko arauetara egokitzea. Udalaren antolaketa eta funtzionamendua erraztu eta prozedura eraginkorrago bat izatea lortzea nahi da, beti ere segurtasun juridikoa bermatuz.