Aurretiazko kontsulta publikoa 2022ko ordenantza orokorra, zergen eta toki zuzenbide publikoko beste dirusarrera batzuen kudeaketa eta bilketa arautzen duena aldatzeko: Ekarpenak egiteko azken eguna: 2021eko abuztuaren 11, azken eguna barne.
I.- AURREKARIAK
39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzkoak, bere VI. Tituluan arautzen ditu administrazio publikoen legegintza ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala. 133. artikuluak ezartzen du legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko dela administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, zeinean etorkizuneko arauak uki ditzakeen subjektuen eta antolakunderik ordezkagarrienen iritzia jasoko de
Ogasun eta Funtzio Publikoaren Ministerioak bere iritzia agertu du artikulu hau aplikatzeari buruz zerga ordenantzak onartzeko prozeduran, eta adierazi du aurretiko kontsultaren izapidea kontua zerga ordenantza berri bat denean bideratu behar dela; berriz, aldez aurretik onartuta dagoen zerga ordenantza baten aldaketa denean izapide hori alde batera utz daiteke gaiaren erregulazio partzial bat delako.
39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 133. artikuluan honela xedatzen du:
“1. Legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, eta jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauak uki ditzakeen subjektuek eta antolakunderik ordezkagarrienek puntu hauei buruz:
a) Ekimenaren bitartez konpondu nahi diren arazoak.
b) Arau hori onestea beharrezko eta egoki den.
c) Arauaren helburuak.
d) Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.”
Gainera, 11/1989 Foru Arauak, uztaila 5ekoak, Gipuzkoako Tokiko Ogasunen erregulatzaileak, bere 7. artikuluan, xedatzen du Gipuzkoako Lurralde Historikoko Udalerriei dagozkiela, Foru Arau honek ezartzen duen esparruan, bere zergen kudeaketa, ikuskaritza eta bilketa, zeinak egingo diren, foru arau udal zergen erregulatzaileetan eta horien garapenerako emandako bestelako xedapenetan ezartzen diren espezialitateei kalterik egin gabe, Foru Zerga Arau Orokorrean eta horren garapenerako emandako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalek, beren ordenantza fiskalen bitartez, hartu ahal izango dute bakoitzaren antolaketa-erregimen eta funtzionamendu propioaren aurreko atalean aipatzen den arautegia, eta moldaketa horrek ezingo du hautsi aipatutako arautegi horren eduki materiala.
ORDENANTZA FISKALEN EDUKIA:
Ordenantza Fiskalek gutxienez eduki hauek izango dituzte:
a) Zehaztea zerga-egitatea, subjektu pasiboa, arduradunak, salbuespenak, murriztapenak eta hobariak, zerga-oinarria eta likidazio-oinarria, karga-tasa edo zerga-kuota, zergaldia eta zergaren sortzapena.
b) Deklarazio eta diru-sarreren araubideak.
c) Onartze-data eta aplikatzen hasteko data.
Ordenantza Fiskal hauek onartzeko akordioak dagozkien zergak ezartzearekin batera hartuko dira.
Aipatutako Ordenantzak aldatzeko akordioek horien eraginpean dauden arauen erredakzio berria eta onartze-data eta aplikatzen hasteko data jaso beharko dituzte.
Bestalde, 39/2015 Legeko lehen xedapen gehigarriak ondorengo ezartzen du:
1. Gaia dela eta bereziak diren legeetan erregulatutako administrazio-prozedurek, lege honetan aurreikusitako izapideetako bat eskatzen ez badute edo izapide gehigarriak edo bestelakoak erregulatzen badituzte, lege berezi horietan xedatutakoari jarraituko diote.
2. Honako jarduketa eta prozedura hauek araudi espezifikoari jarraituko diote eta, modu osagarrian, lege honetan xedatutakoari.
Ildo horretatik, 7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituenak, bere 111. artikuluak xedatzen du Tokiko tributuak ezartzeko, kentzeko eta antolatzeko erabakiak, baita horiei dagozkien ordenantza fiskalak aldatzeko ere, tokiko tributuak ezarri eta antolatzeko arau berezietan xedatutakoaren arabera onartu, argitaratu eta indarrean jarriko direla.
Hala ere, administrazio publikoen jardunean gailendu behar den gardentasuna dela eta, Azkoitiko Udalak erabaki du aurretiazko kontsulta Publikoa burutzea ordenantza fiskalak eta prezio publikoak prestatzeko eta aldatzeko prozeduran, 2022ko ekitaldirako.
II.-KONPONDU NAHI DIREN ARAZOAK
2022ko Ordenantza fiskalen prestaketarekin eta aldaketarekin, hainbat arazo konpondu nahi dira.
1.- Ordenantza Fiskalak 2022 ekitaldira egokitu behar dira. Horregatik, Zerbitzuen kostuari aurre egitearren, Udalaren diru-sarrerei eusteko helburuarekin, ez da gehikuntzarik ezartzen, izaera orokorrarekin, udal-zerga eta tasetarako, 2020ko KPI-a negatiboa izan baita.
2.-Zergei dagokienez honako aldaketa hauek proposatzen dira:
2.1 Bizitegi-izaera duten ondasun higiezinei buruzko zerga:
Azkoitiko irizpide orokorra da alderaketa egitea Azkoitiaren tankerako beste hogei Udalerrirekin eta, hala, batezbesteko karga fiskala ezartzea.
2.2 Zergaren kuota osoaren 100eko 50era bitarteko hobari berri bat ezartzeko aukera onartu du 3/2021 foru arauak. Eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinetarako hain zuzen. Hobari honen azterketa egingo da.
3.-Tasei dagokienez honako aldaketa hauek proposatzen dira:
3.1 Ur-hornidura, saneamendu eta azpiegiturengatiko tasei dagokienez ur partzuergoaren tasak izango dira indarrean 2022ko ekitaldian, 2018ko azaroko Bilkura osoak Gipuzkoako Ur kontsortzioak onarturiko Uraren ziklo osoari dagokion zerbitzua arautzen duen ordenantza onartu baitzuen.
3.2 Hondakinak biltzeko, tratatzeko eta aprobetxatzeko zerbitzuaren tasa:
Tasa ordaintzeko salbuespena kendu zaie nekazaritzako gizarte segurantzan alta emanda dauden baserriei, indarrean dagoen zerga-araudira egokitze aldera 2021 ekitaldian. Egoera hau mantenduko da 2022an.
3.3. Udalaren herri jabetzapeko edo herri erabilerarako zortasunako landabideen gozamen eta erabilera arrunt edo berezia egiteagatik tasa berri bat ezarriko denaren azterketa egingo da 2022ko ordenantza fiskaletarako. Aldez aurretik baserri bideen inbentarioa egin behara dago eta ordenantza baten bitartez arautu beharko litzateke berauen erabilpena eta tasa, hala balegokio.
3.4.-Gizarte larrialdiko harrera etxebizitzaren zerbitzuaren tasaren azterketa egingo da eta hilero gehienez 250€ ordaindu beharko du zerbitzuaren onuraduna den bizikidetza unitate bakoitzak. Egoera ezberdinak hartuko dira kontuan tasa zehazterako garaian.
III.- ONARTZEKO BEHARRA ETA EGOKITASUNA
Adierazi behar da, ordenantza fiskalen aldaketak behin betiko onartuta egon behar dutela eta GAOn argitaratuta, arautzen dituzten tributuen sortzapen-data baino lehen.
Horregatik, ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1ean lege-aginduz sortzen diren aldizkako muga-eguneko zergari buruz ari garenean, edo Udalak sortzapen-data hori finkatu diren tasei buruz ari garenean, beharrezkoa da urtarrilaren 1aren aurretik GAOn argitaratuta egotea aldatu diren arauak edo aginduak. Ondorioz, aldaketaren izapidetza une honetan hasi behar da, indarrean egon dadin hurrengo ekitaldian.
IV.- ORDENANTZA FISKALEN HELBURUAK 2022. EKITALDIRAKO
2022ko Ordenantza Fiskalen eta Prezio Publikoen aldaketaren helburu nagusia da ekitaldira egokitzea zerbitzuen kostuei aurre egin ahal izateko. Horrela, tarifa batzuk zerbitzuaren kostu errealera egokitu nahi dira, berauek aplikatzerakoan sortu diren inguruabarren ondorioz. Azkoitiko Udalak printzipio hauetan egokitzen ditu Ordenantza Fiskalak:
a) Beharra eta eraginkortasuna. 2022ko ekitaldirako ordenantza fiskalen ekimena interes orokorrak justifikatzen du; aurreko atalean adierazten dira horrekin lortu nahi diren helburuak, eta bera da tresnarik egokiena horiek lortzen direla bermatzeko.
b) Proportzionaltasuna. Ekimenak ezinbesteko erregulazioa dauka zerbitzu publikoen kudeaketa egiteko beharrei erantzuteko.
c) Segurtasun juridikoa. Ekimena gainerako ordenamendu juridikoarekin modu koherentean gauzatzen da; esparru arauemaile egonkor, aurrez aise ikusteko modukoa, osoa, argia eta segurtasunekoa sortzen du, eta horrek ekimenaren ezagutza eta ulermena errazten ditu.
d) Gardentasuna. Azkoitiko udalak behar diren baliabideak jartzen ditu indarrean dagoen araudira iristeko modua erraza, unibertsala eta eguneratua izan dadin; eta kontsulta publikoari esker hartzaile izan daitezkeen pertsonek parte aktiboa har dezakete 2022ko ekitaldirako ordenantza fiskalen lanketan.
e) Eraginkortasuna. Ekimen arauemaile orok saihestu egin behar ditu behar ez diren karga administratiboak, eta arrazionalizatu egin behar ditu, aplikatzean, baliabide publikoen kudeaketa.