Udalak martxan duen Gobernantza eta Zuzentasun Instituzionalaren 2016-2019 Planaren baitan, udal gobernuaren arduradunek, ordezkari politikoek eta teknikariek, jardunaldia egin dute aste honetan, orain arte Azkoitian emandako parte-hartze esperientziak jasotzeko. Izan ere, 2004a geroztik ibilbide bat jorratu du Udalak, legealdi ezberdinetan. parte-hartzearen inguruan. Lan saioa ekainaren 8an izan da.
Globernance Institutuko Juanjo Alvarezek eta Mikel Cabellok zuzendu zuten saioa eta Asier Aranbarri alkate ohia eta hainbat udal teknikari arduratu ziren 2004tik hona egindako bidea azaltzeaz.
Ordezkari politikoek eta teknikariek legeari begira 2004an Azkoitiko Udalak onarturiko Hiritarren Partaidetzarako Erreglamentua eta Euskadiko Toki Erakundeen 2/2016 Legea izan zituzten hizpide, bitarte horretan eman diren esperientziekin batera: Elkargunearen erabileraren inguruko parte-hartze prozesua, Azkotia-Zumarraga errepidearen proiektuaren bueltan egin zena, aurrekontu parte-hartzaileena, hondakinen galdeketa edota udalaren zerbitzuak hobetzeko aurten martxan jarritakoa.