Aurretiazko kontsulta publikoa 2023ko ordenantza orokorra, zergen eta toki zuzenbide publikoko beste dirusarrera batzuen kudeaketa eta bilketa arautzen duena aldatzeko. Ekarpenak egiteko azken eguna: 2022-8-24
I.- AURREKARIAK
39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzkoak, bere VI. Tituluan arautzen ditu administrazio publikoen legegintza ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala. 133. artikuluak ezartzen du legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko dela administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, zeinean etorkizuneko arauak uki ditzakeen subjektuen eta antolakunderik ordezkagarrienen iritzia jasoko da.
Ogasun eta Funtzio Publikoaren Ministerioak bere iritzia agertu du artikulu hau aplikatzeari buruz zerga ordenantzak onartzeko prozeduran, eta adierazi du aurretiko kontsultaren izapidea kontua zerga ordenantza berri bat denean bideratu behar dela; berriz, aldez aurretik onartuta dagoen zerga ordenantza baten aldaketa denean izapide hori alde batera utz daiteke gaiaren erregulazio partzial bat delako.
39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 133. artikuluan honela xedatzen du:
1. Legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, eta jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauak uki ditzakeen subjektuek eta antolakunderik ordezkagarrienek puntu hauei buruz:
a) Ekimenaren bitartez konpondu nahi diren arazoak.
b) Arau hori onestea beharrezko eta egoki den.
c) Arauaren helburuak.
d) Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.”
Gainera, 11/1989 Foru Arauak, uztaila 5ekoak, Gipuzkoako Tokiko Ogasunen erregulatzaileak, bere 7. artikuluan, xedatzen du Gipuzkoako Lurralde Historikoko Udalerriei dagozkiela, Foru Arau honek ezartzen duen esparruan, bere zergen kudeaketa, ikuskaritza eta bilketa, zeinak egingo diren, foru arau udal zergen erregulatzaileetan eta horien garapenerako emandako bestelako xedapenetan ezartzen diren espezialitateei kalterik egin gabe, Foru Zerga Arau Orokorrean eta horren garapenerako emandako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalek, beren ordenantza fiskalen bitartez, hartu ahal izango dute bakoitzaren antolaketa-erregimen eta funtzionamendu propioaren aurreko atalean aipatzen den arautegia, eta moldaketa horrek ezingo du hautsi aipatutako arautegi horren eduki materiala.
ORDENANTZA FISKALEN EDUKIA:
Ordenantza Fiskalek gutxienez eduki hauek izango dituzte:
a) Zehaztea zerga-egitatea, subjektu pasiboa, arduradunak, salbuespenak, murriztapenak eta hobariak, zerga-oinarria eta likidazio-oinarria, karga-tasa edo zerga-kuota, zergaldia eta zergaren sortzapena.
b) Deklarazio eta diru-sarreren araubideak.
c) Onartze-data eta aplikatzen hasteko data.
Ordenantza Fiskal hauek onartzeko akordioak dagozkien zergak ezartzearekin batera hartuko dira.
Aipatutako Ordenantzak aldatzeko akordioek horien eraginpean dauden arauen erredakzio berria eta onartze-data eta aplikatzen hasteko data jaso beharko dituzte.
Bestalde, 39/2015 Legeko lehen xedapen gehigarriak ondorengo ezartzen du:
1. Gaia dela eta bereziak diren legeetan erregulatutako administrazio-prozedurek, lege honetan aurreikusitako izapideetako bat eskatzen ez badute edo izapide gehigarriak edo bestelakoak erregulatzen badituzte, lege berezi horietan xedatutakoari jarraituko diote.
2. Honako jarduketa eta prozedura hauek araudi espezifikoari jarraituko diote eta, modu osagarrian, lege honetan xedatutakoari.
Ildo horretatik, 7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituenak, bere 111. artikuluak xedatzen du Tokiko tributuak ezartzeko, kentzeko eta antolatzeko erabakiak, baita horiei dagozkien ordenantza fiskalak aldatzeko ere, tokiko tributuak ezarri eta antolatzeko arau berezietan xedatutakoaren arabera onartu, argitaratu eta indarrean jarriko direla.
Hala ere, administrazio publikoen jardunean gailendu behar den gardentasuna dela eta, Azkoitiko Udalak erabaki du aurretiazko kontsulta Publikoa burutzea ordenantza fiskalak eta prezio publikoak prestatzeko eta aldatzeko prozeduran, 2023ko ekitaldirako.
II.-KONPONDU NAHI DIREN ARAZOAK
2023ko Ordenantza fiskalen prestaketarekin eta aldaketarekin, hainbat arazo konpondu nahi dira.
1 Ordenantza Fiskalak 2023 ekitaldira egokitu behar dira. Kontuan izan behar da 2021eko KPIa %6,4 a izan dela Euskadin. Urtero, izaera orokorrarekin, udal-zerga eta tasetarako aurreko urteko KPIa ezartzen da baina kontuan izan behar da KPI aren igoera honek gizartearen erosteko ahalmenean eduki duen eragina eta honegatik Foru Aldundiak deflazioa onartu du PFGZren tipoetan.
Zerbitzuen kostuari aurre egitearren, Udalaren diru-sarrerei eusteko helburuarekin, gehikuntza ezarri daiteke zerga edota tasetan. Tasei dagokienez, berauek finantzatzen dituzten zerbitzuetan kostoen igoera nabarmena bada, horiei ezarri daiteke igoera. Zergei dagokienez, Aldundiak hartzen dituen erabakien ildo berdinean , hartuko dira neurriak, beti ere kontuan hartuz aurrekontuaren gastuen arloari kpia ezarri egiten zaiola eta aurrekontuaren oreka bermatzeko ezinbestekoa dela dirusarreren aurreikuspenak igotzea.
Honez gain, Azkoitiko irizpide orokorra da alderaketa egitea Azkoitiaren tankerako beste hogei Udalerrirekin eta, hala, batezbesteko karga fiskala ezartzea.
Zergak:
ICIOn: Aizkibel 2ko etxebizitzen birgaitzean zegoen %95eko hobaria ezabatu
-Eguzki energía erabiltzeko aprobetxamendu sistemen hobariaren erredakzioa egokitu foru arauera
TASAK:
Tasa berria sortu egonkortasun prozesuak direla eta bertan izena emateko.
Kanposantua:
%30eko hobaria ezabatu tasa ordaintzen zutenen artean ;2012an hasi zen eta 10 urte pasa dira.
III.- ONARTZEKO BEHARRA ETA EGOKITASUNA
Adierazi behar da, ordenantza fiskalen aldaketak behin betiko onartuta egon behar dutela eta GAOn argitaratuta, arautzen dituzten tributuen sortzapen-data baino lehen.
Horregatik, ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1ean lege-aginduz sortzen diren aldizkako muga-eguneko zergari buruz ari garenean, edo Udalak sortzapen-data hori finkatu diren tasei buruz ari garenean, beharrezkoa da urtarrilaren 1aren aurretik GAOn argitaratuta egotea aldatu diren arauak edo aginduak. Ondorioz, aldaketaren izapidetza une honetan hasi behar da, indarrean egon dadin hurrengo ekitaldian.
IV.- ORDENANTZA FISKALEN HELBURUAK 2023. EKITALDIRAKO
2023ko Ordenantza Fiskalen eta Prezio Publikoen aldaketaren helburu nagusia da ekitaldira egokitzea zerbitzuen kostuei aurre egin ahal izateko. Horrela, tarifa batzuk zerbitzuaren kostu errealera egokitu nahi dira, berauek aplikatzerakoan sortu diren inguruabarren ondorioz. Azkoitiko Udalak printzipio hauetan egokitzen ditu Ordenantza Fiskalak:
a) Beharra eta eraginkortasuna. 2023ko ekitaldirako ordenantza fiskalen ekimena interes orokorrak justifikatzen du; aurreko atalean adierazten dira horrekin lortu nahi diren helburuak, eta bera da tresnarik egokiena horiek lortzen direla bermatzeko.
b) Proportzionaltasuna. Ekimenak ezinbesteko erregulazioa dauka zerbitzu publikoen kudeaketa egiteko beharrei erantzuteko.
c) Segurtasun juridikoa. Ekimena gainerako ordenamendu juridikoarekin modu koherentean gauzatzen da; esparru arauemaile egonkor, aurrez aise ikusteko modukoa, osoa, argia eta segurtasunekoa sortzen du, eta horrek ekimenaren ezagutza eta ulermena errazten ditu.
d) Gardentasuna. Azkoitiko udalak behar diren baliabideak jartzen ditu indarrean dagoen araudira iristeko modua erraza, unibertsala eta eguneratua izan dadin; eta kontsulta publikoari esker hartzaile izan daitezkeen pertsonek parte aktiboa har dezakete 2023ko ekitaldirako ordenantza fiskalen lanketan.
e) Eraginkortasuna. Ekimen arauemaile orok saihestu egin behar ditu behar ez diren karga administratiboak, eta arrazionalizatu egin behar ditu, aplikatzean, baliabide publikoen kudeaketa.