Ahotsak proiektuak Euskal Herriko hizkerak jasotzen ditu eta Azkoitiko 80 herritarren grabazioak daude jasota. Aurten, “Hike Eizan!” egitasmoaren baitan, hitanoaren inguruko elkarrizketak egin dira. Aurretik euskararen inguruan egindako elkarrizketak ere badira, ordea, eta osteguneko ekitaldian hizlari bakoitzari bere grabazioa entregatuko zaio.
Ahotsak proiektuaren baitan 2008tik 2010era 33 herritarren ahotsa jaso zen eta orduan ere omenaldi ekitaldia egin zen partaideek eskerrak emateko asmoz. Etenaldi luze baten ostean, 2019an, Udalak Badihardugu Euskara Elkartearekin hitzarmena sinatu zuen proiektuari jarraipena emateko asmoz. Ordutik hona elkarrizketatutakoak omenduko dira ostegunean. 27 lagun dira guztira.
“Ahotsak -dio Euskara zinegotzi Marijose Arregik - proiektuarekin gure ahozko ondarea babestu nahi dugu, bestela galtzeko arriskua egon daitekeelako. Horregatik, gure asmoa da elkarrizketei jarraipena ematea, ondorengoek jakin dezaten nola hitz egiten zuten gure aurrekoek. Hitzak eta esamoldeak, erabili ezean, ahaztu eta galdu egiten dira. Ezin dugu altxor hori alferrik galdu. Ahozko ondarea gorde, babestu eta transmititu egin behar dugu”.
Hike gehien erabiltzen diren aditzen gida
Azkoitian hitanoa indartzeko abian den egistasmoaren baitan, Udalak lantaldea eratu zuen eta Xabier Eizagirre taldekideak hike gehien erabiltzen diren aditzen gida landu du. 37 aditz laguntzaile eta 30 aditz trinko jaso ditu, “ibilli-ibillixek” direnak, hiztunek zuzen erabil ditzaten noka eta toka. Aste honetan, gida etxe guztietara banatuko da. Neurriz ere aproposa da poltsikoan eramateko.
Pasadizoak eta kantuak
Euskararen Eguna ospatzeko, aste honetan Ahotsak proiektuan jasotako elkarrizketak argitaratuko dira udalaren sare sozialetan. Halaber, Hike Eizan! lantaldeko kideek euskal musikari errepasoa eman diote hitanoa agertzen edo erabiltzen den kantuak sailkatuz, eta horiek era sareetan zabalduko dira.