Obraren autorea Josi Alvarado valentziarra da eta SGAEren I. Ana Diosdao saria irabazi zuen 2019an. Arantxa Iturbek itzuli du euskarara. Sei aktore igoko dira ohotzara baina euskaraz eta gaztelaniaz ekoiztu dutenez obra, aktore taldea gehiagok osatzen dute. Tania Fornieles, Kepa Errasti, Jurdana Otxoa, Itziar Ituño, Eneritz Artetxe, Jose Cruz Gurrutxaga, Adrián García de los Ojos eta Iñar Sastre aktoreek hartzen dute parte TARARAn.
Hikaren azken urteetako apustu handiena da antzezlana, Intxaurragaren irudiko, “kontatzen duenagatik, kontatzeko moduagatik, ekoizpenaren tamainagatik, Estatuko merkatua lantzeko ere duen bokazioagatik eta baita izaten ari den oihartzunagatik ere”. Zuzendari batek zuzendu nahiko lukeen istorioa omen da TARARA.
Jose Cruz Gurrutxaga aktore azkoitiarrarentzat Hikarekin lan egiten duen estraineko aldia da eta “oso aberasgarria” izaten ari dela dio. “Gustatzen zaidana Hika-ren ibilibidetik eta TARARArekin horrela da: zerbait dagoela kontatzeko beti, eta kontatzen dena ez dela atsegina, ez komertziala. Ez da parametro horietan mugitzen. Eta konpainia bezala horren alde apustu egin du beti, bere ibilbidean ikusten den bezala. Eta alde horretatik bat egiten dut ikuspegi horrekin, eta gustatu egiten zait Hika-rekin lan egitea eta horrelako proiektu batean parte hartzea”.
Azkoitiarrez oholtza gainetik
Jose Cruz Gurrutxagak aurreratu duenez, “azkoitiarrez entzungo du jendeak, eszenatokian norbaitek azkoitiarrez hitz egiten duelako eta ez naiz ni. Kepak (Errasti) oso lan polita egiten du. Eta bere pertsonaia azkoitiarra da. Zuzendariarekin ados jarrita, Azkoitian jarri du pertsonaiaren jaioterria”. Gurrutxagak onartu du entseguetan asko kostatzen zitzaiola Errastik azkoitiarrez hitz egitea berari eta berak azkoitiarrez ez hitz egitea. “Zaila da azkoitiar batentzat azkoitiar batekin batuaz hitz egitea”, dio.
Jose Cruz Gurrutxagarentzat ikuskizuna apustua da, erronka. “Kontatzen dena oso beharrezkoa dela iruditzen zait”. Gainera, pozik dago lankideekin, “oso giro polita” dutelako eta “gustu bat da horrela lan egitea, egia esan”.
*Argazkiak: Dani Blanco