Ikerketak Azkoitiko kaleetan behatutako 4.217 solaskideak zein hizkuntzatan hitz egiten ari ziren jasotzen du, eta ikusi da 10 lagunetik ia 7 euskarazko elkarrizketatan ari zirela, %66,9 hain zuzen; gaztelaniaz, %24 eta %9,1 beste hizkuntza batzuetan.
Aurtengo neurketa udalerrian egiten den hirugarrena da, 2014an eta 2018an egindakoen ondoren. Azken lau urteetan euskararen erabileran bi puntuko jaitsiera eman da. Gaztelaniaren erabilerak, berriz, bi puntu eta erdi egin du behera. Nolanahi ere, gainerako hizkuntzen presentzia altua dela ikusi da. Belen Urangaren hitzetan, “kontuan izan behar da ikerketak duen 1,4ko akats tartea duela, eta beraz, beherakada ez da oso esanguratsua. Hurrengo neurketak ematen duen emaitzak berretsi artean joera baten zantzua dela esan dezakegu”. Zortzi urteko epea kontuan hartuz gero, nabarmendu behar da bost puntuko igoera izan duela euskararen kaleko erabilerak, 2014ko %61,3tik aurtengo %66,9ra. Euskara gaitasunari dagokionez, euskararen kaleko erabileraren joera-marratik gora dago, %76,9koa baita.
Sexuaren arabera, zortzi puntuko aldea dago emakumezkoen eta gizonezkoen artean. “Emakumezkoek gehiago erabiltzea ohikoa da Euskal Herriko udalerri gehienetan, baina tarte hori Azkoitian ohikoa baino zerbait handixeagoa da. Emakumezkoetan erabilera %70,3 da eta gizonezkoetan, %62,1.
15 eta 24 urte bitartekoek, euskara gehien
Adinari erreparatuta, euskararen erabilera handiena gazteen artean ikusi da alde handiarekin. 15 eta 24 urte bitarteko gazteak dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak (%83,1); haurrek eta heldu gazteek %67 inguruko erabilera erakutsi dute (%67,5 eta %67,9 hurrenez hurren), eta zertxobait erabilera baxuagoa, adinekoek eta heldu nagusiek (%64 eta %60,1).
Batetik, azpimarragarria da gazteek egiten duten euskararen erabilera altua indargune garrantzitsua dela, eta bestetik, kezka eragiten du haurretan eman den jaitsierak, eta kontuan hartu beharrekoa da. Zergatiak ez daude argi, eta aldagai asko aztertu beharko dira erantzun zehatzak jasotzeko.
Gazteen kasuan erabilera ia gaitasun mailara hurbiltzen da, %89,2 baita gaitasuna. Haurren kasuan, aldiz, gaitasunaren eta erabileraren artean tarte handia dago. %93 da gaitasuna eta %67,5 kaleko erabilera. Horrek ere erakusten du haurren erabileran dagoela arreta jartzeko puntu garrantzizkoenetako bat.
“Gazteen artean euskara indartsu dago. Haurren kasuan, kanpotik etorritako umeen presentzia altua da, baina ez dago demostratuta horrek zer eragin duen.”. Datozen urteetako bilakaerari begiratzerakoan, garrantzitsua izango da batez ere haurren erabileraren joerari erreparatzea, aztertzeko zer eragiten duen bilakaera hori.
Belen Urangaren ustez, “gogoan izan behar da egungo euskal hiztunen profil linguistikoa desberdina dela garai bateko euskaldunen artean ohikoen zen profiletik. Horregatik, kanpo-eraginak tarteko direla ere, zaindu beharrekoak dira haur eta gazte horien hizkuntza erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa. Herritar guztiek dute zeregina eginkizun horretan”. Hori horrela, dio, “euskararen biziberritzearena, ilusioz, erabakimenez, enpatiaz eta inteligentziaz gauzatu beharreko prozesu berritzaile eta eraldatzailea da”.