Parte hartu nahi duten gazteek gutxienez sei bertso idatzi beharko dituzte, eta helduek, zortzi. Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatuko dute. Epaimahaiaren erabakia maiatzaren 29an ezagutaraziko da.
Lehiaketaren oinarriak www.azkoitia.eus atarian kontsulta daitezke eta edozein zalantza argitzeko euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi daiteke edo 943 85 71 75 telefonora deitu.
Udalak, Hike eizan! talde eragilearekin batera, iaz antolatu zuen estraineko Bertsopaper Lehiaketa, eta 24 lan aurkeztu ziren. Ekimena hitanoa sustatzeko plangintzaren baitan kokatzen da. Helburu nagusia da hitanoa berreskuratzea, eta bereziki, noka. Ibilbide horretan, hainbat egitasmo jarri dira martxan, lehiaketa barne.
Sari banaketa ekitaldia eta bertso saioa
II. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekainaren 22an, 19:00etan, Elkargunean egingo den III. Hike eizan! Bertso Saioarekin batera izango da. Aurten oholtzan izango ditugu bertsotan Andoni Egaña, iazko bertsopaper lehiaketako sariduna den Eli Pagola, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondo.