Errimaz gain, aditza kontuan hartzea eskatzen du bertsotan hitanoa erabiltzeak eta gaurko emanaldia esperimentua izan bada ere, bide berriak urratzeko apartekoa izan da. Saiatu, saiatu dira, eta ikus-entzuleei aise pasa zaie denbora. Izan ere, Imanol Artola “Felix” gai-jartzailearen esanetara, aritu dira oholtza gainean Egaña eta Pagola. Oholtzatik kanpo hitanoa erabili arren, onartu dute bertsotan ez dela hain erraza. Ohiko eskemetatik atera behar izan dute. “Aldaketa da -azaldu du Pagolak-. Zuk errima zerrendak dituzu, baina hitanoak arreta beste aldagai batzuetan jartzera eramaten zaitu”. Eroso eta erraz aritu arren, toka eta noka erabiltzeak konplexuago bihurtu du bertso jarioa. Gai-jartzaileak ere erronka ez die erraztu eta emanaldia ederki zukutu du, bertsolariei rol ezberdinak ipinita.
Ondorengo mahai-ingurua ere ez da makala izan. Hitz eta pitz aritu dira bertsolariak, Xabier Eizagirrerekin eta Imanol Artolarekin batera, Eneritz Artetxe moderatzaile zutela. Hitanoa eta bertsolaritzaren inguruan hausnarketa polita egin dute bakoitzak bere eskarmentutik. Eizagirren azaldu du hika erabiliz, ez dela bertso osorik ikusten atzera begiratuz gero. “Lehengo bertsolariek zer hizkera erabiltzen zuten? Azkoitiarra? Bertsolari handiak zituzten eredu, Txirrita, Otaño… eta haiena hobesten zuten. Bertsolari handien pareko hizkera nahi zuten, bertsoa eskasa izan arren”.
Hitanoaren atzean dagoen sexismoa hizpide izan dute eta baita hitanoa eta haserrearen arteko lotura ere, zenbaitetan hasarrearekin lotzen delako hitanoaren erabilera.
Kontzienteki edo ez, erabakiak daude hitanoaren erabileraren atzean. “Nik Joxe Lizasori eta Joxe Agirreri zuka egiten nien. Imanol Lazkanori, hika. Bakoitzak jartzen ditu mugak eta askotan ez dira logikoak izaten”.
Hitanoak berak ere baditu, noski, mugak. Ez du pluralik ahalbidetzen eta ondorioz, “bati zuzentzen zara eta besteak apartatu egiten dituzu”, esan du Egañak. “Apartatu -erantzun dio Pagolak – edo hitz egiteko bidea eman”.
Etorkizuneko bertsolaritza pertsonaiak markatuko omen du. “Pertsonaia bakoitzak bere erregistroa izango du, Egañaren aburuz, eta agindutako pertsonaiaren arabera egingo du bertsotan, bataren edo bestearen larruazaletik, alegia. “Makarrak makarrak bezala hitz egingo du eta abokatuak, abokatuak bezala”.
Onartu dute hitanoa eta euskara batuaren arteko lotura ere ez dela samurra. Artolak onartu du konturatu dela “Amezketako hitanoa” bakarrik dakiela eta ez “hitano batua”.
Edonola ere, hitanoaren bidea irekitzearen aldeko agertu dira. Eizagirrek garai bateko Bizenta Mogel, Nemesio Etxaniz edo Pedro Irizar jarri ditu eredutzat eta egungoen artean, Juan Luis Zabala aipatu du hikaren erabileraz mintzatzean.
Ekitaldiaren amaieran Euskara zinegotzi Marijose Arregik hitanoaren inguruko logotipo lehiaketaren irabazleari, Jon Custodiori, saria entregatu dio.