ZER DA?
2024. urtean herriaren 700. urteurrena inflexio puntu garrantzitsua izatea proposatzen da Azkoitian. Prozesuaren abiapuntutik zeharka dagoen ideia da hori. Hainbat dira azken urteotan garatutako parte-hartze prozesu, plan eta txostenak; hala nola, 2019-2023 Legealdi Plana, Azkoitia Lagunkoia (2019), 2020-2024 Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Udal Plana, Mapa Morea (2020), kultur elkarteei helarazitako galdetegia (2021) edota Euskara mahaia edo Hezkidetza foroa bezalako foro iraunkorretatik jasotako informazioa. Gainera, gaur egun martxan daude Irisgarritasun eta Berdintasun Planak eta 2021-2024ko Iraurgi Berritzenen hausnarketa estrategikoa. 2021. urtean zehar Azkoitia Herrilab +700 HERRI DIAGNOSIA egitasmoa ere garatu zen. Herri mailako diagnostiko partekatua osatu zen, egungo egoeraren begirada konpartitua ahalbidetu zuena. Orain, hurrengo urratsari ekiteko unea iritsi da: HERRI PLANA sortzera bideratuko da datozen hilabeteetan. Fase honetan zehaztuko da datozen urteetan gauzatuko diren herri proiektu edo ahaleginak zein diren.
Herri plana sortzeko prozesu honetan Azkoitia osatzen duten herritar interesatuak, eragile sozialak zein udal barruko egiturek parte hartuko dute. Izan ere, prozesuak herri mailako ikuspegi bateratua eratu eta jasotzea du helburu, erronka amankomunei elkarrekin ekiteko.