Adiskidetasunari monumentua

Jose Alberdi Elorza “Burruntxali” egilearen lana, garai batean Azkoitiko Erietxea eta Erruki Etxea kokatu ziren lekuan jaso da.

 

Oteizaren 'Batarrabi'

Azkoitia sortu zeneko 675. urteurrenean Oteiza eskulturgileak bere arbasoen herriari eskainitako lana. Herriko plazarik entzutetsuenetako batean dago, Balda Dorretxearen aurrean, Izarraitz mendipean. Hemen pizten da, urtero, San Joan bezperako sua eta euskal dantza eta musika emanaldiak ere egin ohi dira.

 

Barriketa Iturria

1831n egindako iturri neoklasikoa, Mariano Jose de Lascurainek diseinatua. Azkoitiak duen ikur ezagunenetako eta bere-bereenetakoa da.

 

Udaletxea

Azkoitiko armarria fatxadan duen eraikuntza barroko klasizista hau Jose Lizardikoak diseinatu zuen eta 1730etik aurrera hasi zen eraikitzen. Etxe horren arkupetan, “Kontzejupe” ezaguna dago, euskal pilota Azkoitiaren ikur izatera iristen den tokia. Eragin honi esker da Azkoitia “Pilotarien seaska”.

Helbidea: Herriko Enparantza

Aizkibel Liburutegia

Urolako trenaren geltoki izateko sortutako eraikina da, eta udal liburutegiaren egoitza da geltokia itxi zenetik. Eraikinean egindako azken moldaketa arkitektonikoa dela-eta, Juan Beldarrain arkitektoak Kultura Arkitektoniko eta Urbanistiko Jasangarriaren Sari Nazionala jaso zuen 2007an.

Leturiondo Jauregia

Hurbilean duen Loiolako Basilikaren eragin zuzena duen eraikin barrokoa. Eraikin ikusgarri honek, Udaletxearekin eta Azokako eraikinekin batera, Herriko Enparantzari bere itxura ikusgarria ematen dio.

Helbidea: Herriko enparantza

Txurruka Etxea

Herri barnean kokatutako etxea, XVI. mendekoa. Okendo Almirantearen ondorengo ziren San Millango Markesei lotua dago. 1847an handitze lanak egin zitzaizkion, estilo kolonial neoklasikoan.

Helbidea: Kale Nagusia 91

Gaztan Eneako Jauregitxoa

Euskal estilo neoerrenazentistan egina XX. mendearen hasera aldera. Garai hartan Alberdi familiaren jabetzakoa, Musika Eskola bihurtu zen eta Bizkargi Musika Eskola izena hartu zuen, XVI. mendeko musikari ospetsuaren ohorez. Gaur egun, Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialaren gela desplazatuak bertan kokatzen dira. 

Helbidea: Xabier Munibe Zuhaztia

Isasaga Dorrea

Antonio Eginokoak, Carlos V.a enperadorearen Kontu-emaileak, eta Jordana Isasagakoak eraikiarazitako etxe bikaina. Etxe honetatik dator Peñafloridako konte titulua. Gotiko arkaizatzaile estiloan harriz egindako tajuketa du eta garai batean jende armatuarentzako patioa izan zuen.

Helbidea: Zumarragako bidea z/g

Jausoro Jauregia

Jausoro familiaren etxe-jauregia, ondoren Hurtado de Mendozatarrengana pasatu zena. Fatxada barroko bikaina du, familien armarriekin. Haren jabeak burdinolekin lotutako ekonomia-jardueretan aritu ziren eta, haiek desagertu zirenean, txapelak egiteko lantegi garrantzitus sortu zuten, 1846an.

Helbidea: Jausoro Auzoa

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra