Euskal Herri osoan 2003tik martxan dagoen Ahotsak egitasmoko partaide da Azkoitia. Deba bailarako Badihardugu Euskara Elkartea da egitarauaren sustatzailea eta helburua da adineko euskaldunak elkarrizketatzea bideoz, herri hizkerak, ohiturak, lehengo bizimodua eta ahozko ondarea jaso eta interneten jartzeko.
Udalak aipatutako elkartearekin lan hori egiteko kontratua sinatu zuen 2008ko maiatzaren 7an. Ordu arte Azkoitiari buruz jasota zegoen bakarra zen Koldo Zuazoren ikasleek Euskal Filologian egindako grabazio dialektologikoak eta Azkoitiko euskerie liburua.
Hizkerari dagokionez, Azkoitiak mugako euskalkia du. Elosua eta Madariaga auzoetan, adibidez, bizkaierarekin batera bizi da. Horren ondorioz, hiztun asko eta onak ditu adinean aurrera doazenak. Altxor horiek gordetzeko grabazioak egiteari ekin zitzaion.
Horretarako, lehendik eginda zeuden grabazioak jaso, digitalizatu eta datu-basean txertatu ziren. Ondoren sexu, auzo, pentsaera, lanbide ... ezberdinetako lagunei elkarrizketak egin zitzaien bideoz. Jarraian zinta horiek minutuz minutu gaika laburtu ziren. Gero horietatik pasarterik interesgarrienak transkribatu ziren. Eta azkenik, bideo-pasarte horiek www.ahotsak.com/azkoitia helbidean zintzilikatu ziren.
Azkoitiko ahotsak zenbakitan:
- Hizlariak: 53.
- Zintak: 58.
- Pasarteak: 913.
- Transkribatutakoak: 206.
- Audioak: 32.
- Bideoak: 811.
Oharra: Norbaitek grabaziorik izango balu, edozein delarik euskarria (kasetea, bideoa, sakelakoa ... ) eskertuko genuke kopiatzen uztea atalera igotzeko eta denon artean jarraitzeko proiektua handitzen eta aberasten.