Hike eizan! proiektua bi arrazoi nagusi tarteko jarri zen abian. Batetik, "hikaren erabilera galtzen ari zela-eta, berreskuratzeko ahalegina egin nahi zelako, eta batez ere, noka galbidean ikusten zelako, eta baita hitanoa ez delako behar adinako zuzentasunarekin erabiltzen beti. Bi helburu horiei erantzuten die liburuxkak", azaldu du Marijose Arregik.
Gida osatzeko "Oñatiko hika poltsikaran" eredua erabili da. Eizagirrek azalpenak, aditz-taulak eta elkarrizketak jaso ditu eskuliburuan. Ilustrazioekin hornitu dute liburuxka.
Aditz-taulak egiteko Eizagirrek 16-17 herritarren laguntza jaso du, eta lana gainbegiratzen ere, beste sei bat lagun ibili dira. Denei eskerrak helarazi dizkie Eizagirrek eta Arregik. "Aditz-taulak egiteko, aditza batuan eman eta taulak osatu ditugu, zuka lehenengo, eta noka eta toka, gero. Kasu batzuetan bizpahiru aldaera sartu ditugu".
Eizagirrek azaldu du erabilitako hizkerak eman ziola buruhausterik. "Beti esan izan dugu euskara bat eta bakarra ez dela, hor daudela euskalkiak, azpi-euskalkiak, herri hizkerak ere bai, eta aukera ikusi genuen ahozko jardun baten kontuan ari bagara, eta herri jakin batean, azkoitiarrez egiteko aukera zela pentsatu genuen" eta horrela egin dute.
Ibilbidea
Udalak 2021ean jarri zuen Hike eizan! egitasmoa martxan. "Hasieratik -esan du Marijose Arregik- argi geneukan ez zuela ekintza puntual batera mugatu behar, baizik eta proiektu egonkorra izan behar zuela, etenik gabekoa. Ideiari heldu genionetik urratsak ematen joan gara. Hike eizan! taldea osatu genuen eta egitasmoari irudia edo logoa jarri. Geroago Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketa sortu genuen eta lehenak izan ginen, oso oker ez banago, hika bertso saioa antolatzen". Horretaz gain, aurtengo ikasturtean hitanoaren inguruko ikastaroak eman ditu Xabier Eizagirrek, eta gaur aurkeztutako liburuxka lan guzti horri jarraipena ematen dio.
Ikasturtea borobiltzeko, Marijose Arregik herritarrak ekainaren 22an izango den bertso saiora gonbidatu ditu. Andoni Egaña, Jesus Mari Irazu, Eli Pagola eta Nerea Elustondo arituko dira bertsotan. Gai jartzaile, berriz, Imanol Artola "Felix". Saioa Elkargunean 19:00etan izango da eta bertan egingo da II. Hike Eizan! Bertsosaio Lehiaketako sari banaketa. Aurten 15 lan aurkeztu dira, eta merezitako sariak jasoko dituzte gailendu direnek.
Marijose Arregik Xabier Eizagirreri eta Hike eizan! lan-taldeari eskerrak eman dizkie proiektuan "indarrak, ilusioa eta denbora" jartzeagatik.
Non eskuratu Azkoittiko Hike Poltsikun liburuxka
Udaleko Euskara sailak ikastetxeetan eta beste hainbat gunetan banatuko du liburuxka. Edonola ere, interesa duen orok Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan doan eska dezake eta baita ondorengo loturan jaitsi ere: https://azkoitia.eus/images/hike-poltsikun.pdf