Helburua da merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzea. Hizkuntza paisaian euskara lehenestea ere bai. Horretarako, diru-laguntzak eta baliabideak eskainiz.
Ziurtagiriaren Elkartearekin elkarlanean Bai Euskarari Ziurtagiria (aurrerantzean, ziurtagiria) da 2006tik 2015era erabilitako baliabideetariko bat. Helburua zen ziurtagiri horren goreneko maila lortzea: Zerbitzua eta lana euskaraz. Nahia ez zen establezimenduek ziurtagiria atxikimenduz hartzea, normalizazio prozesuan urratsak ematea baino. Horregatik, udalak ziurtagiri horren jarraipena eta sustapena ez ezik, 2010etik arlokako lanketak eginez, normalizazio zerbitzuak eremu ezberdinetara hedatzeko gidaliburuak banatu ditu. Gidaliburuarekin batera beharren arabera moldatzeko ereduak PDF eta WORD formatuetan jasotzen dituen CD-ak ere bai. Jarraian kaleratuko gidaliburuak:
- Edergintza (ile-apaindegi eta estetika zentroak)
- Umeen arropa eta produktuen dendak
Ziurtagiriaren sustapena 2012ko neguan amaitutzat eman zen. Azkoitia herri txikia izanik, bizpahiru urtetik behin establezimenduei egitasmo bera eskaintzeak zentzurik ez zuelako. Hortaz, 2013tik aurrera ziurtagiria zuten herriko eragileei jarraipena eta promozioa eskaini zitzaien. Hori dela eta, Kontzejupetik udal aldizkarian 46. zenbakitik 58.era herriko ziurtagiridunen izenekin iragarkia txertatu zen horiek ezagutzera emateko. Helburu bera zuten lehen aldiz 2007an sustapena laguntzeko asmoz ziurtagiridun establezimenduetan gastatzeko udaberrian eta udazkenean egindako 600,00 euroko bi zozketak ere bai. Zozketa horiek 2009ko udazkenean eta 2013an, 2014an eta 2015ean ere egin ziren.
Establezimenduei ziurtagiria eskaintzeko bisitetan udala konturatu zen horiek euskara zerbitzuak eskaintzen zien laguntza ekonomikoak eta teknikoak ez zituztela ezagutzen. Horregatik, 2014an horien berri emateko eskuorria banatzen hasi zen establezimendu guztietan.
2015eko udazkenean, berriz, udalak abiarazi zuen parte hartze proiektua baloratzeko ziurtagiria eta eskaintzen zien zerbitzuak. 2016ko martxoaren 17an merkatariekin egindako bileratik honako ondorioak atera zituen:
- Bai Euskarari ziurtagiria ez zen beharrezkoa bezero eta merkatari euskaldunen artean euskaraz jarduteko, ezta euskararen erabilera handitzeko ere, merkataritza eta ostalaritza Azkoitian euskaraz funtzionatzen duelako.
- Azken bi urteotan establezimenduz establezimendu banatutako eskuorriei esker, merkatariek ezagutzen zituzten euskara zerbitzuak eskaintzen zizkien diru-laguntzak eta zerbitzuak.
- Merkatarientzat publizitatea euskaraz egiteak gain-kostua zekarren, hornitzaileek kartelak, liburuxkak,... gazteleraz zituztelako eta euskaraz nahi zituenak, kostua bere gain hartu behar zuelako.
- Merkatariek laguntza behar zuten publizitatea euskaraz egiteko, leloak gazteleraz eta ez euskaraz sortzeko erraztasuna zutelako.
- Merkatarien ustez, Facebook-en eta Twitter-ren egon beharra zegoen, produktuak eta zerbitzuak ezagutzera emateko, baina, formazioa behar zuten.
Aurrekoa kontuan hartuta, honako erabakiak hartu zituen euskara zerbitzuak:
- Euskaraz publizitatea egiteagatik, diru-laguntza lerro berria txertatzea Azkoitiko Udalerrian Euskara Sustatzeko Jarduerei diru-laguntzak emateko oinarrietan.
- Aurrerantzean ere establezimendu guztietan banatzea zerbitzuen eta diru-laguntzen esku-orria.