EAEtik kanpo datozen Lehen Hezkuntzako (aurrerantzean, LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (aurrerantzean, DBH) ikasleek D eredu bakarra den herrian euskara lehenbailehen ikasteko eskola orduz kanpo euskarazko errefortzu eskolak jasotzen dituzte, betiere euren jatorrizko kultura baloratuz eta errespetatuz. Zerbitzua ikastetxeek eskatuta 2005-2006 ikasturteko apirilean proba piloto modura abiarazi zen Zarauzko Berritzeguneko gomendioak entzun eta gero. Proiektua Hezkuntzak ikasle etorri berrientzako eskaintzen dituen baliabideen osagarria da eta joatea borondatezkoa.
Mintzamena eta ulermena dira bereziki lantzen diren trebetasunak. Horretarako jolasaren bidez oinarrizko hiztegia lantzen da errutinak eta errepikapenak eginez, ikasle horiek bi urtetan azkoitiar hiztunak egiteko. Horrela komunikatzeko gaitasuna lortu eta eskolan ez ezik, Azkoitian ere errazago moldatuko eta gizarteratuko batira.
Zerbitzua urritik maiatza arte eskaintzen da eskola egutegiaren arabera. Ikasleek duten euskara gaitasuna kontuan hartuta egiten dira taldeak. Asistentzia egunero jasotzen da eta asistentzia edota jarrera arazoak daudenean, familiari horren berri ematen zaio neurriak har ditzan. Jarraipen batzordea ikastetxeek, udalak eta Azkoitiko AEK euskaltegiak osatzen dute. Zerbitzu jasotzaileak ikastetxeek zehazten dituzte eta parte hartzaile bakoitzak bi urte egiten ditu egitasmoan.
2017-2018 ikasturtean lehen aldiz kurtso hasieran egitasmoaren funtzionamendua azaltzeko eta bukaeran balorazioa egiteko eta ekarpenak jasotzeko guraso bilerak egin ziren. Bilera horien helburua da denon artean proiektua hobetzen jarraitzea. Ikasturte horretan ere lehen aldiz haurren eta gaztetxoen motibazioan eragiteko asmoz, Euskaraz bizitzeko BIDEAN zoaz eta Euskaraz bizitzeko GAI zara diplomak banatu ziren. Diploma bidez ikasleei aitortzen zaie komunikatzeko gai direla, baina, guraso bileran familiei argi azaltzen zaie seme-alabek ikasketak euskaraz jarraitzeko gehienek gaitasun handiagoa behar dutela. 2018-2019an, berriz, hilean behin ostiraletan DBHkoek lagunduta eta gidatuta LHkoek ikaskideak gonbidatuz, kanpo ekintzak egin dituzte. Bestalde, txandaka egunero batek egutegian asteko eguna, hilabetea, urtea, urtaroa eta eguraldia idazten du eta beste batek emozioen horma-irudian nola dagoen galderari erantzuten dio. Sarritan bazkaldu dutena ere elkarri azaltzen diote. Eguneroko errutina horiek errepikatuz eta jolasaren bidez modu ludikoan egitasmoan hasi berriak direnei aurrerapena nabari zaie. DBHn, aldiz, proiektuan 2. urtea daraman taldean helduen alfabetatzen AEK euskaltegiak darabiltzan atazak landu dituzte. Hasi berrien taldean, ostera, LHkoen taldeetan landutako antzeko dinamikak egin dira.