Azkoitian Euskara eguna Euskara mahaia sortu zenetik 2013an egin da eta balio du euskararen aldeko aldarri eta irudi bateratua kaleratzeko herrian euskararen alde lanean gabiltzan guztion artean.
Abenduaren 3an eguerdian LHko eta DBHko ikastetxeekin Herriko plazan egiten den agerraldia da parte hartzaile gehien biltzen duen ekimena. Azkoitian euskarak 365 egun geu izateko euskararen herrian! da ekitaldiaren leloa eta leloa 5 pusketatan dago zatituta eta ikastetxe bakoitzak pusketa bat dakar plazara oholtza gainean leloa osatzeko. Lelo hori ekitaldian zehar udaletxeko balkoira igo eta ikusgai dago bertan egun osoan. Arratsaldean, berriz, ekimena egin izan da plazan.
2017an mahaiak erabaki zuen ekintzak berritzea urtero gauza bera ez izateko. Horregatik, DBHko, DBHOko eta Lanbide Heziketako ikasleek egindako 75 proposamen jaso zituen Euskara egunerako ideia lehiaketa egin zen. Hiru ideia sarituak gauzatu ziren. Euskararen aldeko mezua zeukaten gutun trukaketako eskutitzak eta puxika hegalariak ikastetxeen eguerdiko ekitaldian egin ziren. Arratsaldeko herri ekimenean, berriz, hotz beldurgarri egin arren, inoiz baino jende gehiagok parte hartu zuen eta plaza bete samartu zen. Azkoitik euskaraz bizi nahi du! lelo pean murala egin aurretik, herriko 30 eragilek oholtzatik eurentzako euskara zer zen adieraziz, mezu bana irakurri zuten. Saritutako ideia horren kasuan mahaiak gehien baloratu zuena izan zen ekitaldira eragile guztiak parte hartzera gonbidatzea eta mezua eskatzea.
2018an, berriz, ez zen egin gutun trukaketa, ezta puxika hegalariak ere. Lehena aurreko urtean eskutitzak idatzi zituztenei gauza bera berriro eskatzea zelako. Bigarrena, aldiz, Jasangarritasuna/Agenda 21 ekimenaren aurka zihoalako. Ekintza horien ordez irakurraldia egin zen irakasle batek proposatuta eta landuta, ikastetxe guztien erronka delako irakurtzaletasuna handitzea. Hortaz, LHko eta DBHko ikasleek udalak botatako suziria entzun eta gero, bost ibilbide ezberdinetatik abiatu ziren plazara bakoitzari zegokion leloaren pusketa eramanez musika doinu artean. Alkateak udal balkoitik harrera eta euskararen aldeko aldarria egindakoan, irakurraldia egin zen non eskola, adin, maila eta sexu ezberdinetako 36 ikaslek parte hartu zuten. Halaber, Euskaraldiaren amaiera eguna izanik, 16 urtetik beherakoek ekimenarekin bat egiteko mahaian erabaki zen ahobizi pegatina handiak soinean eramateko egitea denentzat eta bakoitzak nahi zuen moduan apaintzea. Leku berean, Herriko plazan, 18:30etatik aurrera herri ekimena egin zen. Kasu horretan oholtza Azkoitiko hamaikakoak hartu zuen eta horietako bik ekitaldirako bereziki Aitor Arrutik idatzitako manifestua irakurri zuten. Aurretik ariketari atxikimendua adierazi zioten talde eta erakunde ezberdinetako ordezkariek ateratako argazkiak bilduz, Maxixatzen herriko komunikabidearen kazetariek egindako muntaia jarri zen ikusgai plazan. Manifestua irakurritakoan, berriz, goizeko irakurraldia ikusi zen, jarraian Goikolosan talde argazkia atera zen eta amaitzeko, mahaiak gerturatu ziren guztiei txokolate beroa eta bizkotxoak banatu zizkien. Plazan orain arte Euskara eguneko ekitaldietan bildutako jende gehiena batzea lortu zen Euskaraldiari bukaera emateko.
Mahaiak Euskara egunaren balorazio positiboa egin du urtero. Horregatik, aurrerantzean ere egingo du, Azkoitia bezalako herri euskaldunean sentsibilizazioa landu beharra dagoelako.