Euskara mahaiak 2018 otsailaren 2ko bileran onartu zuen azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan 11 egun euskaraz ariketa sozialean herri moduan izena ematea eta talde eragilea izatea. Horrela, mahaiaren 2018ko helburu nagusia izan zen Euskaraldia arrakastatsua izatea Azkoitian, mahaiaren egitekoa badelako euskararen erabilera handitzea eta herritarrak eta bertako erakunde, elkarte eta taldeak aktibatzea egungo erabilera datuak hobetzeko. 2013tik mahaiak antolatzen duen Euskara eguna egitea eta Euskaraldiarekin lotzea ere pentsatu zen.
Euskaraldian 2116 lagunek parte hartu zuten. Horietatik 1918 ahobiziak izan ziren eta 198 belarriprestak. Eskatutako ahobizi txapak motz gelditu ziren herrian zegoen eskaerarako eta 2018ko azaroaren 8an beste 1000 eskatu ziren. Belarriprest txapak, berriz, beste herri askotan bezalaxe soberan izan ziren, ariketara belarripretak erakartzea oso zaila izan baitzen. Bestalde, kontuan izan behar da herriaren errealitate soziolinguistikoa. Ezaguera datuak honakoak dira (EUSTAT, 2016): euskaldunak %76,90a, ia euskaldunak %9,20 eta erdaldunak %13,90. Erabilerakoak (Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa. Azkoitia 2018. Soziolinguistika Klusterra): %68,90 euskaraz, %26,50 gaztelaniaz eta %4,60 beste hizkuntza batzuetan. Hori horrela, herritar asko ahobizi rolarekin identifikatu zen. Halaber, izena ematerakoan, sekulako eragina izan zuen hedabide ezberdinetan ariketari eskainitako tarteak lortu zuen oihartzunak, lagundu zuelako egitasmoa sozializatzen eta txapa banaketa egunetan eta ariketa hasi eta gero, euskara zerbitzuan esku-orriaren bidez izena emateko aukera eskaintzeak ere bai.
Gainera, abenduaren 3an 2013tik egin izan den bezalaxe Euskararen Nazioarteko eguna ere egin zen. Herriko plazan 11:30etatik aurrera LHko eta DBHko ikasleek hartu zuten. Horiek udalak botatako suziria entzun eta gero, bost ibilbide ezberdinetatik abiatu ziren plazara bakoitzari zegokion Azkoitian euskarak 365 egun geu izateko euskararen herrian! leloaren pusketa eramanez musika doinu artean. Alkateak udal balkoitik harrera eta euskararen aldeko aldarria egindakoan, lehen aldiz testu motzen irakurraldia egin zen oholtza gainetik non eskola, adin, maila eta sexu ezberdinetako 36 ikaslek parte hartu zuten. Ikastetxe guztien erronka irakurtzaletasuna sustatzea denez, irakasle batek proposatuta eta landuta irakurraldia egin zen. Halaber, Euskaraldiaren amaiera eguna izanik, 16 urtetik beherakoek ekimenarekin bat egiteko mahaian erabaki zen ahobizi pegatina handiak soinean eramateko egitea denentzat eta bakoitzak nahi zuen moduan apaintzea. Leku berean, Herriko plazan, 18:30etatik aurrera herri ekimena egin zen. Kasu horretan oholtza Azkoitiko hamaikakoak hartu zuen eta horietako bik ekitaldirako bereziki Aitor Arrutik idatzitako manifestua irakurri zuten. Aurretik ariketari atxikimendua adierazi zioten talde eta erakunde ezberdinetako ordezkariek ateratako argazkiak bilduz, Maxixatzen herriko komunikabidearen kazetariek egindako muntaia jarri zen ikusgai plazan. Manifestua irakurritakoan, berriz, goizeko irakurraldia ikusi zen, jarraian Goikolosan talde argazkia atera zen eta amaitzeko, mahaiak gerturatu ziren guztiei txokolate beroa eta bizkotxoak banatu zizkien. Plazan orain arte Euskara eguneko ekitaldietan bildutako jende gehiena batzea lortu zen Euskaraldiari bukaera emateko.
2018ko irailetik aurrera mahaia hilean behin elkartu beharrean, hamabostean behin biltzeari ekin zion eta Maxixatzenek antolatuta Kike Amonarrizek Euskaraldiari buruz urriaren 10eko hitzaldiak eta udalak herri osoan banatzeak zekarren gain-kostua bere gain hartu zuen 32 orriko Maxixatzen hilabetekariaren urriko zenbaki bereziak balio izan zuten ekimena herrian ezagutarazteko. Herriko gune ezberdinetan izena-emate kutxak jarri ziren eta mahaiko kideak arduratzen ziren bertan jasotako izen-emateak www.euskaraldia.eus webgunean sartzeaz. Txapa banaketa egunak eta ordutegiak ere mahai kideen artean adostu eta osatu ziren.
Mahaiaren ustez, Azkoitian ekimenak balio izan zuen barne hausnarketa egiteko, norbere buruari galdetzeko norekin hitz egiten duen euskaraz eta norekin gazteleraz. Horregatik, herritarren kontzientziazioan eragin zuelakoan, Euskaraldia positibotzat baloratu zen. Gainera, ariketan parte hartuz herritarrei frogatu zitzaien uste dutena baino gehiagotan erabili dezaketela euskara eta egoera berriak kudeatzeko baliabideak eskaini zitzaizkien.