Mintzapraktika programa da, hau da, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa. Hortaz, proiektuaren helburuak dira euskaraz berba egiteko joerarik ez duten parte hartzaileen jarioa hobetzea eta horiek mintzatzeko ohitura hartzea eta euskaraz aritzeko lagun berriak egitea.
Programa 1993an sortu zuen Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak eta ordutik hona Euskal Herri osoan hedatu da.
Bi motatako euskaldunak biltzen dira mintzalagunen. Batetik, euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez daukatenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak… Programak euskaraz aritzeko trebakuntza eta aukera ematen die parte hartzaile horiei. Bestetik, euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari beren ekarpena egin nahi diote, zailtasunak dituzten euskaldunei elkarrizketaren bidez lagunduz. Eta badira lagun berriak egin nahi dituzten kideak ere, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak.
Azkoitia bezalako arnasgunean ere beharrekoa da mintzalaguna, euskaraz dakiten zenbait herritarrek arrazoi ezberdinengatik euskara erabiltzera ausartzen ez direlako. Pausu hori emateko baliabideak eskaintzea, babestea eta laguntzea badagokio udalari, bere zeregin nagusia euskaldunen kopurua herrian handitzea delako. Horregatik, 2010-2011 ikasturtetik udalak herritarrei mintzapraktika zerbitzua doan eskaintzen die. Zerbitzua osatu eta parte hartzaileak elkar ezagutzeko eta eragiteko herriko taldeekin elkarlanean ekintza osagarriak egiten dira. Taldeen arteko koordinazioa hobetu eta azkartzeko, berriz, WhatsApp taldea sortu zen 2013-2014 ikasturtean. Horren ondorioz, egitasmoko partaideen harreman sarea handitu da eta komunikazioa eraginkortu da.