Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, ESEP, 2015-2018 plan estrategikoa parte hartze bidez zehazterakoan, herritarren euskararen aldeko motibazioa lantzea ezinbestekoa zela egungo egoerari eutsi eta aurrera egiteko ondorioztatu zen. Gabezi hori Euskara mahaian ere behin eta berriro adierazitakoa zenez, 2015ean gaiari heldu zitzaion.
Gaztetxoekin hastea erabaki zen, 2014an egindako lehen kale neurketaren arabera erabilera altuena izanik, uste sendoa dutelako euskaraz bizi direnez, euskararen normalizazioa ez doala eurekin. Udalarentzat, berriz, estrategikoa da adin tarte horretan kontzientziazioa lantzea, hemendik urte batzuetara horiek direlako arlo ezberdinetan erabaki organoetan egongo diren herritarrak eta erreferenteak. Beraz, lehentasunezkoa da euskaraz formatu diren herritar horiek jakitea euskararen egungo egoera herrian zein herritik at zein den, zergatik eta euren hizkuntza hautuak duen garrantzia.
Horregatik, eta ikastetxeetan gairi buruz lantzen denaren osagarri modura 2015-2016 ikasturtetik Floreaga Salestar ikastetxeko eta Azkoitia BHIko DBHko 3. mailan soziolinguistika ikastaroak ematen dira. Arnasgune tailerrak, berriz, batxilergoko 2. mailan eta 2018-2019 ikasturtetik Izarraitz Lanbide Heziketako 2. mailan ere bai. Kasu horretan helburua da gaztetxoek ohartzea euskararen normalizazioan eta iraupenean Azkoitia bezalako arnasguneak duten garrantziaz eta aldi berean gazteek aktibatzea.