Mendiak, errekak, baserriak, iturriak, auzoak, plazak, herriak … identifikatzeko betidanik leku izenak erabili dira. Leku izenak lurrari lotuta daude. Normalean, leku bati izen bat dagokio. Leku izenak aztertzen dituen zientzia toponimia da. Horregatik, leku izen bakoitzari toponimoa deitzen zaio.
Gure arbasoek toponimoak logika jarraituz asmatu zituzten. Lehenik tokiaren ezaugarriak biltzen zuen hitza edo hitz multzoa aukeratzen zuten, adibidez, aldapa, etxe beltza, gorostia, lixiba, gerra ... Ondoren leku hori definitzeko hitza zerabilten, esaterako, erreka, txabola, zabaldua, lekua, bidea ... Leku izen berria sortuta zegoen: aldapako erreka, etxebeltzeko txabola, gorostizabal, lixibalekua, gerrabidea … Baina, izen hori toponimoa izateko derrigorrezkoa da toki bera izendatzeko beste formetatik nagusitzea eta asmatzaileak ez ezik, besteek ere ezagutzea eta erabiltzea. Sarritan egoera aldatzen zenean, izenak irauten zuen eta Gorostizabalen gorostiak aspaldian desagertu arren, ez zen izena aldatzen ordurako toponimoa bihurtuta zegoelako.
Beraz, toponimoak jendeak eguneroko eginkizunetan lekuak izendatzeko beharretik sortutako izenak dira eta lehengo paisaia eta bizimoduaren berri ematen dute. Hortaz, garai bateko lekukoak dira.
Baina, toponimoak ez dira betirako. Erabilera duten bitartean osasuntsu daude. Tamalez, eguneko jardunetik baztertzen ditugunean, galdu egiten dira eta horrekin batera altxor handia desagertu egiten da. Leku izenak lur pusketa bati dagokion izena ez ezik, bertan bizi izan diren edo beraiekin harremanetan izan diren kultura, tradizio eta erlijio desberdinen emaitza ere badirelako.
Oraintsu arte mundu guztian horrelaxe funtzionatu dute leku izenak. Baina, industrializazioak eta gizarte modernoak pasaiak eta inguru fisikoak aldatu ditu. Horrek leku izenengan eragina izan du eta askotan desagertu ala oraintsu sortutako izen berriek ordezkatu dituzte ehundaka urte zituztenak.
Gurean toponimoen galera beste herri batzuetan bezain bestekoa ez da izan, Azkoitia euskaraz bizi den herria delako eta baserri ugari dagoelako jendea bizi dena oraindik. Baina, azken berrogei urtetik honako aldaketak handiak izan dira eta egun ez darabilguna betirako galtzeko arrisku bizian egonik, udalak 2016an herriko toponimia jasotzeari ekin zion. Euskararen Legearen arabera udalak dagokion eginbeharra bete du: Euskaltzaindia entzun eta gero, bere aginte eremuko leku izenak finkatu. Hortaz, Euskararen Akademiak leku izenak euskal grafiaz nola idatzi behar diren esan du, horixe baita bere egitekoa, eta plenoak onartu du. Bestalde, udalaren egitekoa bada bertako toponimia jasotzea, ezagutaraztea, zuzen erabiltzea, galdutakoa ahal dela berreskuratzea eta ondorengoei eskaintzea ere bai.
Hortaz, Azkoitiko leku izenen idazkera zehaztu da. Ahoskera, berriz, ez. Udala eta Euskaltzaindiaren eginkizuna ez delako eta bertako euskalkiak, fonetikak eta hitzak edozein hizkuntzatan laburtzeko dugun joerak eragiten duelako. Horregatik, izenak betiko moduan esango dira, baina, idazterakoan euskara jasoan idatziko dira, azkoitiarrok ez ezik, beste euskal herritarrek ere jakiteko zeri buruz ari garen. Horixe da mundu osoan jarraitzen den legea: Ele esan arren, Los Angeles idaztea. Era berean, Zebiya diote ahoz Andaluziako hiri ospetsuko herritarrek. Baina, denek dakite Sevilla idatzi behar dela. Beraz, lehen adierazi den bezala izenek historia luzea dute ezin dena bat batean puskatu, zer pentsatuko lukete Agirre ala Madariaga deitura dutenek euren sorlekua diren etxeei Agarre ala Madarixa jarri zaiela ikusita?
Azkoitiko toponimia 2010eko uztailaren 29ko plenoan ohartu zen aho batez. Udalbatzak Euskaltzaindiak egindako proposamena bere horretan eta osotasunean onetsi zuen.
- Azkoitiko toponimoak: leku izenak alfabetikoki
- Azkoitiko mapa toponimikoa 2010-12-31
- Baserriak auzoka
Plenoko erabaki horren ondorioz, zenbait leku izen zuzendu ziren. Horien artean erabilera handia duten kaleak, auzoak, industrialdeak eta baserriak. Atxikirik izendegi horiek alfabetikoki zerrendatuta. Zuzendutako izenak morez daude eta orain arte erabilitako forma akasduna identifikatzeko katxotxa artean jasota.
- Kaleak
- Baserri auzoak
- Industrialdeak
- Landa eremuko baserriak eta etxeak auzoka*
*Oharra: Euskaltzaindiak dio etxe izenak lotuta idatzi behar direla eta tartean marra jartzea gerra aurreko ohitura dela egun zaharkituta dagoena. Desagertu ala eroritako baserriak zerrendatik kanpo utzi dira. Horiei buruzko informazio eskuratzeko udal artxibategian 3799 espedientea kontsultatu.
Grekoek oikos hitza zerabilten etxea eta bertako ondasunak eta pertsonen multzoa izendatzeko. Hortaz, oikonimoak etxe izenak dira. Azkoitian herri askotan ez bezala gaurdaino iraun dute oikonimoak.
Azkoitia izenaren sorrera /Azkoitia versus Azpeitia
Imanol Goikoetxea, Toponimia lana zuzendu zuen ikerlaria, eta Juan Bautista Mendizabal, kronista ofiziala, Azkoitia izenaren sorrerari buruz bat datoz.
Iturri dokumentalen arabera egungo San Jose egoitzan dagoen lekuan San Juan de Ays elementu geografiakoa zegoen. Hau da, haitza zegoen. Haitz horretatik gora zegoenari goitia gehitu zioten eta behetik zegoenari, berriz, kontrako bereizgarria: beitia. Haitz hori eta Urola ibaia dira Azpeitiarekin ordutik gaurdaino dirauten muga naturalak.
Jarraian 1464.12.11ko Testamentum Zanciae Ibañez de Loyola Sancti Ignatii proaviae dokumentuan jasotako aipua: “Item mando a la yglesia de San Juan de Ays, de la jurediçion de Ayscoytia un florin corriente”.
2019ko abenduko Azkoitiko leku izenak eskuorria
2011ko otsaileko Azkoitiko leku izenak onartuta eskuorria