Arlo sozioekonomikoan eragitea ezinbestekoa da beste esparruetan eta batez ere, hezkuntzan egindako ahalegina eta inbertsioa alperrik ez izateko. Horregatik, 2009tik abian da Azkoitian lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko proiektua.
2009an lan eremua eta udal laguntzak zehaztu ziren: 10 langiletik gorako enpresek jasoko lukete euskara plana egiteko proposamena eta udalak gehienez urteko 2.000,00 euroko laguntza eskainiko lieke enpresa horiei.
Baldintza horiekin ekin zen 2010ean bisitak egiteari. Baina, krisia bere garai gordinean zegoenez, kostata 4 enpresa baino ez ziren bisitatu eta gastuak murrizteari eta soldatak ordaintzeari lehentasuna emanik, ez zen lortu euskara planik abiatzerik.
2011n, berriz, egoera bestelakoa izan zen. Datu basea eguneratu, lehen 10 gutunak banatu eta 8 bisita lotzea bata bestearen atzetik joan zen. Are gehiago, enpresa horietako batek, Serbitzu Elkartea, S.L., hain zuzen, eurekin lau aldiz bildu eta gero, 2012ko martxoaren 5ean erabaki zuen euskara planaren diagnostikoa eta diseinua egitea. Enpresa horri agindutako diru-laguntza emateko 2012ko apirilaren 27an sinatu zen pleno aretoan laguntza hori arautuko zuen hitzarmena. Enpresa horrek diagnostikoa egin eta gero, pentsatu zuen euskara plana egitea. Hortaz, Serbitzu Elkartea, S.L. enpresan egun martxan dagoen plana 2013an hasi zen garatzen.
Bestalde, 2012ko abenduaren 12an Azkoitiko udalaren eta Biharko Gipuzkoa, S.L. enpresaren arteko hitzarmena sinatu zen aipatutako enpresan euskara planaren diagnostikoa eta diseinua egiteko. Enpresa horrek ere diagnostikoa egin eta gero, erabaki zuen egun indarrean duen euskara planari ekitea.
Aipatutako enpresa biak hiru urteetarako euskara planak garatzea pentsatu zuten. Une horretan udala konturatu zen lan munduan euskara sustatzeak bertan egotea eskatzen zuela eta Azkoitiko enpresetan euskara planak sustatzeko diru-laguntzak onartu zituen (GAO, 114 zk., 2013ko ekainaren 17a).
Ondorengo urteetan 2009ko zerrendako enpresa gehienak bisitatu arren, ez zen lortu planik martxan jartzerik. Gainera, udala konturatu zen egindako eskaintza lantegi askorentzat bideraezina zela, gehienetan ahoz euskara nagusia izanik, euskara plana egiteko beharrik ez zutelako sumatzen eta enpresak txikiak ala ertainak izanik, gehienek ez zutela baliabiderik planak zekarren gastuari aurre egiteko. Horregatik, 2017an pentsatu zen euskara zerbitzuak eskaintzen dituen diru-laguntzen eta zerbitzuen berri ematea lantegiei merkatariei egiten zitzaien moduan. Ordutik lantegiz lantegi Zure enpresan euskararen erabilera handitzeko laguntza ekonomikoak eta teknikoak eskuorria banatzen da.
Eskuorriaren helburua da enpresek jakitea udalean euskara zerbitzua dagoela euskararen inguruan izan ditzaketen beharretan laguntzeko eta bide batez, enpresariak animatzea euskara idatziari lekua ematera lantegian.
Udala urteotako emaitzekin gustura dago urtetik urtera gero eta enpresa gehiago jartzen delako euskara zerbitzuarekin harremanetan laneko testuak euskaratzeko eta irudi korporatiboko elementuak, kanpoko errotulua eta webguneak euskaraz jartzeko diru-laguntzen berri eskatzeko.