Dena prest dago karateko festa handirako. Asteburuan Elkargunean 650 karateka elkartuko dira, haietako batzuk, gainera, azaroan Dubain jokatuko den senior kategoriako Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera handiak dituzte. Maila altuko karateaz gozatzeko parada izango da, tatamien gaineko kirol-ikuskizun borobila.
Elkargunean %100eko edukiera du dagoeneko eta aukera aparta izango da kirol hau hobeto ezagutu eta kirol honetara gerturatu nahi duten guztientzat. Covid-19arengatik ezarritako murrizketen ostean, edukiera osoarekin jokatzen den lehenengo txapelketa izango da asteburukoa.
Udalak bere esker ona azaldu die Azkoitiko klubari eta federazioei horrelako ekitaldia herrira ekarri ahal izateko egin duten ahaleginagatik eta lanagatik. Arduradunen arabera, 1.500 lagun inguru gerturatuko dira Azkoitira karatearen aitzakian.
Karatea Japonian aurten estreinatu da kirol olinpiko gisa, nahiz eta azkenean, break-dance-ak kendu dion tokia, 2024ko hurrengo Olinpiadetarako ateak itxiz. Edonola ere, federazioen arabera, karatea une onean dago. 100 milioi kirolari ditu mundu osoan.