Lan-mahaiak edo lantaldeak aste honetan egin du lehenengo bilera. Taldea osatzen dute ekoizleen ordezkariek, Urkomek, Herrixen Merkatari Elkarteak eta Udal ordezkari eta teknikariek.
Behin diagnostikoa esku artean izanda, lan-mahaiaren egitekoa da aurrera begira eman beharreko pausoak lehenestea eta aktibatu beharreko ekintzak zehaztea.
Diagnostikoak azokaren indarguneak eta ahuleziak azaleratu ditu eta gunea biziberritzeko bost ardatz finkatu dira ekintzarako: azpiegiturak, azoka komunitatea eta komunikazioa, dinamizazioa, etorkizuna - erreleboa eta lehiakortasunaren ikuspegitik- eta gobernantza. Arlo horietan sakontzea eta urratsak ematen joatea izango da osatu berri den taldearen ardura.
Orain arteko lanketa Azkoitiko azoka Gipuzkoako Azoken Sarean sartzearekin batera hasi zen, eta Urkome atxikita dagoen Landaola elkartearen, Elika Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren artean egin da.