Testuinguru horretan, Udalek eta eskolek osatzen duten Azkoitiko eta Azpeitiko Kirol Kontseiluak, DBHko ikasleei ere aukera ematea proposatu du eta egitasmoa aurrera atera da. Asmoa da 12 eta 16 urte bitartekoek ere aukera izatea kirola egiteko klubetatik at.
Kirola praktikatu nahi duten ikasle guztiek horretarako aukera izatea nahi da. Balioak sustatzeaz gain, gazteak kirol kulturan heztea da helburua. Hori horrela, Udalak bere babes osoa eskaini dio ekimenari, ikastetxeekin lankidetzan.
Taldea ia-ia osatuta dago, eta astero elkartuko da. Lehenengo saioa Xabier Munibeko jolastokian egingo dute bihar, azaroaren 10ean. Kirol edo jardueraren arabera, tokiz aldatzen joango dira DBHko Ikas Kiroleko neska-mutilak. 19:00etatik 20:30era izango da saioa.
Boleibolarekin hasiko dira eta kirol ezberdinak praktikatuko dituzte ikasturtean zehar. Oraingoz, monitore bat izango dute ekimenak ze tamaina hartzen duen ikusi arte.