Zerbitzuaren arduradunek prentsa agerraldia egin dute gaur goizean zerbitzuaren inguruko xehetasunak emateko eta jarduera fisikoko teknikari berria aurkezteko, Ania Subinas azkoitiarra. Sonia Vazquezek eta Ania Subinasek bidelagun izan dituzte Mugimenteko idazkari teknikoa den Malen Ruiz de Azua, jarduera fisiko zerbitzuetako koordinatzaile Maialen Alkorta eta Urolako Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzaile Elena Tolosa.
Mugiment-en baitan jarduera fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa murrizteko hainbat ekimen dituzte eta horietako bat da Kirol Orientazio Zerbitzuena, Malen Ruiz de Azuaren esanetan. Gero, udalerri bakoitzak bere testuingurura moldatzen du ekimena eta horixe da Azkoitiko Udalak egin duena.
Denentzat zabalik
Kirol Orientazio Zerbitzua doakoa da eta Azkoitiko bizilagun guztiei zuzenduta dago. Orientatzaile batek modu indibidualean hartuko ditu jarduera fisikoa modu erregularrean egin nahi duten erabiltzaile haiek. Horretarako, orientatzaileak programa bat proposatuko dio zerbitzuaren erabiltzaileari eta jarritako helburuen betetze mailaren jarraipena egingo du.
Garrantzitsua da, Maialen Alkortak azaldu duen moduan, erabiltzaileak izan daitezkeen pertsonak detektatzea eta herritarren gehiengora iristea. Horretarako, orientatzailearen figuraz gain, “bideratze agenteen” lana azpimarratu du. “Azkoitian bideratzaile lan hori egiten dute Osasun Etxeak eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak”. Eurek zerbitzua ondo etor dakiela ikusten duten pertsonei zerbitzuaren berri ematen diete, hurbildu eta ateak jo ditzaten. Edonola ere, zerbitzua irekia da eta nahi duen orok eska dezake hitzordua.
Osasun Publikoko ordezkari Elena Tolosak zerbitzuaren “ikuspegi komunitarioa” azpimarratu du. Zerbitzua eraginkorra izateko, “pertsona bere osotasunean” hartzen da kontuan, eta hor sartzen dira “baliabideak, inguru soziala... eta hori da gakoa”.
Hitzordua eskatzeko
Kirol Orientazio Zerbitzua asteartetan, asteazkenetan eta ostegunetan eskainiko da. Kultur Etxean astearteetan eta ostegunetan 9:00etatik 13:00era eta 15:00etatik 19:00etara, eta Osasun Zentroan, anbulatorioan, asteazkenetan 9:00etatik 13:00era.
Zerbitzua jaso nahi dutenek aurrez hitzordua eska dezakete 688 763 963 telefonora deituta edo koz@azkoitia.eus helbidera idatzita.