Bozeramaile Batzordeak konpromisoa eta erantzukizun indibiduala eskatu ditu eta mesedez, danbor-joleei eta herritarrei kolaboratzeko erregutu die, “geure esku dagoelako gauzak ondo egitea”.
Erabakia zaila da eta denen gustukoa izatea ezinezkoa den arren, Bozeramaile Batzordeak danborradarekin aurrera jarraitzea erabaki du hainbat irizpide kontuan hartu ostean. Alde batetik, herriko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 150 kasuko mugatik nahikoa gertu dago, eta bestetik, danborrada aire libreko jarduera da.
Edonola ere, danbor-joleek maskara zuzen jantzita eraman beharko dute une oro eta ezingo dute jan, edan eta erre ibilbide osoan zehar.Udaltzaingoa saiatuko da ahal den neurrian distantziak mantenduarazten bai danbor-joleen eta bai publikoaren artean.
Danborradan laguntzaile gisa ateratzen direnek maskarak eramango dituzte behar dutenen artean banatzeko.
Danborradaren ibilbideari dagokionez, litekeena da aldaketaren bat egitea baian oraindik ez dago erabakia itxita. Hori bai, danborradaren amaieran Gurea Frontoian txokolate beroa banatu izan da eta larunbatean ez da horrelakorik eskainiko.
San Andres jaiei dagokienez, datuen erakutsiko dute zeintzuk diren hartzen joan beharreko erabakiak. Eusko Jaurlaritzak bihar argitaratuko ditu azken datuak eta horiek ere eraman dezakete neurri gehigarriak hartu behar izatera.