Lehendabiziko irteera azaroaren 25ean izango da eta zailtasun eta iraupen ezberdineko bi ibilbide jarriko dira aukeran. Izarraitz Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak izango dira begiraleak eta ibilbide osoan zehar euren laguntza jasoko dute parte hartu nahi dutenek. Proiektuan parte hartzen duten taldeek txandaka arduratuko dira antolaketaz. Hilaren 25ean paseatzera atera nahi dutenentzat hitzordua 10:00etan ezarri da Aizkibel Liburutegi aurrean. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, nahikoa da topagunera gerturatzea finkatutako egun eta orduan.
Izen eta logo berria
Egitasmoari jarraipena emateko izena eta irudia sortu dira. “Paxira” izenarekin ezagutuko da proiektua. Logoari dagokionez, Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek diseinatu dute sormenari bide emanez, zehazki Mendekotasun egoeran dauden Pertsonen Arreta zikloko ikasleak. Zuria, gorria eta beltza erabili dira irudia garatzeko eta txapela baten eta alpargata baten irudiak ere iradokitzen ditu logoak.