Helburu horrekin bat egin du Udalak eta “Sexismoaren hariak eten!” izenburupean, kanpaina bat jarri du martxan. Etxean, lanean, kalean edota aisialdian ematen diren diskriminazio egoerei aurre egitea da nahia, eta horretarako eskoletan eta hainbat gunetan banatuko den eskuorri bat landu da. Azaroaren 25aren bueltako ekimena da, datozen egunetan burutuko diren beste hainbat jarduerekin batera.
“Tristea da baina indarkeria matxista salatzen jarraitu beharra daukagu, kasuak ez direlako amaitzen. Emakume guztiak izan gaitezke biktima, edozein dela ere gure adina, posizio soziala edota jaioterria. Prebentzioan eta sentsibilizazioan lanean jarraitu behar dugu ankerkeria honi amaiera ematen saiatzeko”, dio Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.
Tximeleten banaketa, erakusketa eta tailerrak
Aurten bada beste alderdi bat ere azpimarratu nahi dena eta da indarkeria bikarioa. Euskadin biktima diren hamar emakumetatik seik adin txikiko seme-alabak dituzte eta ondorioz, haiek ere biktima bihurtzen dira. Krudelkeria hori salatzeko, Berdintasun arloaren eskutik, trikotatutako tximeletak banatuko dira hilaren 25ean, salaketaren sinbolo gisa. Eskoletan ere tximeletak egingo dituzte.
Halaber, Etxe Beltz Jauregiko erakusketa aretoan erakusketa jarriko da eta bertan Emakumeak Ahalduntzeko Ikastaroetan egindako lanak egongo dira ikusgai, xilografian eta trikotatzen egin dituzten lanak, hain zuzen. Erakusketa azaroaren 22tik 26ra bisitatu ahalko da 17:30etik 19:30era bitartean.
Egitaraua osatzeko hiru tailer antolatu dira Malen Etxea elkartearen eskutik: “Mindfulness. Sentitu eta bizi hemen eta orain”, “Aldaketei aurre egiten eta amets berriak eraikitzen” eta “Jabekuntzarako antzerkia” dira tailerrak. Elkargunean izango dira azaroaren 21ean eta 28an eta abenduaren 5ean. Izen-ematea ondorengo helbide eta telefonoetan egin daiteke: berdintasuna@azkoitia.eus - 943 54 20 14
contacto@malenetxea.org – 653 72 91 17