Ahotsak proiektuaren xedea Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzea da, eta horretarako herritarrak elkarrizketatu eta jasotako pasadizoen grabazioak www.ahotsak.eus atarian argitaratzen dira. Aurten, hitanoaren inguruko elkarrizketak egin dira Hike Eizan! proiektua tarteko. Elkarrizketatutakoen artean dago Javier Zubizarreta alkatea ere, emazteak eta biek elkarri betidanik hika egin diotelako. “Xelebrea egingo litzaidake orain andreari zuka hastea. Honezkero horrela bukatuko dugu guk ”, esan zuen. “Hika edo zuka -gaineratu zuen- ezingo nuke euskararik gabe bizi. Ikasketak egiteko Donostira joan nintzenean, gelan 65 bat lagun ginen eta hiruk egingo genuen euskaraz. Nire ikaskideek abizen euskaldunak zituzten, Bergaretxe, Larrea, Etxebeste, Egizabal... eta haien gurasoek euskaraz hitz egiten zuten. Beraiek ez, ordea. Baserritarrena-edo, baldartzat joko zuten. Euskarak zuztar asko ditu, baina etxekoa da sendoena. Etxetik hasi behar da euskara maitatzen eta erabiltzen”.
Euskararen Egunaren bueltan, ahozko ondarea omendu nahi izan da, eta euren hizkera partekatu dutenei eskertza eta aitortza egin.
Euskararen Egunerako hitanoaren inguruan egindako elkarrizketetik osatutako bideoa aurkeztu zen ekitaldian eta Nemesio Etxaniz poeta handiaren doinuak abestuz itxi zen ekitaldia. Xabier Eizagirrek jarri zuen ahotsa eta bertaratu zirenek abesteko parada izan zuten.
Hike Eizan gida
Aste honetan banatu da etxe guztietan Azkoittiko Hike gida. Xabier Eizagirrek landu du dozena bat herritarren laguntzarekin. Bertan gehien erabiltzen diren aditzak jasotzen dira, beraz, erabili nahi duenak edo ikasi nahi duenak ez du aitzakiarik.
Euskararen inguruko Adierazpen Instituzionala
Joan den asteko udal osoaren ohiko bilkuran Euskararen Egunaren bueltan, Udalaren Adierazpen Instituzionala onartu zuten alderdi guztiek.
Musika kalean
Gaur, Euskararen Eguna ospatzeko, euskal musika izango da entzungai kaleko bozgorailuetatik.