Testuinguru horren baitan, ibilbide osasungarriak jarri ziren martxan iaz esperientzia pilotu gisa. Erantzuna ikusita, ekimenari jarraipena eman eta sendotzea nahi da. Egitasmoari PASIRA jarri zaio izena. Proposatzen dena da astean behin taldean ibilalditxo bat egitea. Joan-etorria elkarrekin hitz egiteko eta une atsegin bat igarotzeko aprobetxatzen da.
PASIRAn parte hartzeko hitzordua ipinita dago, Sonia Vazquez zinegotziak azaldu bezala: Ostegunero goizeko 10:00etan Udal Liburutegi aurrean elkartuko da taldea. Adinekoek lagunduta egingo dute joan-etorria. Izan ere, hezitzaile gisa parte hartuko dute Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek. Eurek diseinatu dute logoa ere.
Ostegun honetan, urtarrilaren 20an, izango da lehenengo irteera. Aurrez ez da izenik eman behar. Nahikoa da esandako tokira agertzea ezarritako orduan.
Partaideek bi ibilbide dituzte aukeratzeko iraupenaren arabera. Ibilbide laburrena egiten dutenek Liburutegitik atera eta Juin kalera joango dira, beilatoki parera. Handik, Trenbidearen Zumardiatik Intsaustira eta bueltan, berriro, Aizkibel Liburutegira.
Bigarren ibilbidea hautatzen dutenek Aizkibel Liburutegitik Juin kalerainoko bidea egingo dute eta handik igerileku irekietara. Igerilekuetatik Herriko plazainoko bidea egingo dute eta Aizkibel Liburutegian emanto diete amaiera joan-etorriari.
PASIRA egitasmoan parte hartzen dute Udalak, Osasun Publikoak, Izarraitz Lanbide Heziketak, Mugiment-ek, Mugi Azkoitiak, Plaza Ondo Jubilatu Elkarteak, Azkoitia Lagunkoiak, Gurutze Gorriak eta Caritasek. Guztiek herritarrei dei egiten die parte hartzeko eta gutxienez, esperientzia probatzeko.
Osasun Publikoko ordezkari Maite Merinoren hitzetan, PASIRA bezalako ekimenak oso positiboak dira, onura fisikoak eta psikologikoak dakartzalako. “Gorputza mugitzen dute, muskuluak aktibo mantendu eta gainera, harreman berriak sortzen dira”.
Izarraitz Lanbide Heziketako Iñigo Azkuek ere eskertu du egitasmoaren bueltako lankidetza. “Mendekotasun egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko zikloa egiten ari diren gure ikasleek askoz gehiago eta hobeto ikasten dute herrian lan eginez gurekin gelan baino”. Ikasleentzat gero lan egitea egokituko zaien gizon eta emakumeak ezagutzeko bidea ere bada eta nola ez, “herriak ematen diguna herriari bueltatzeko modua”.