Horretarako, ezin bestekoa da aurre lanketa bat egitea, landatu beharreko zuhaitz eta zuhaixka horiek zeintzuk izan daitezkeen jakiteko: haritz, pago, lizar, astigar, urki, gaztainondo, gorosti, hurritza... eta abar luze batek lekua izango dute erabilera didaktikoa izatea helburu duen eremu honetan. Lekuko planoaz baliatuz, ikasleek aukeratutako zuhaitzen antolaketan eta basoaren diseinuan parte hartuko dute. Baita horien landaketan ere!
Basoaz gain, eremu horretan urmaela sortzeko lanetan ari dira ere, Aranzadiko herpetologia saileko adituen gidaripean. Gure inguruko anfibio eta narrasti ugari mehatxatutako espezieak dira. Urmael artifizialak eraikiz, horien aterpe, elikadura, ugalketa eta orokorrean beraien bizi-zikloak burutzeko beharrezko ur-guneak dituzte. Anfibio eta narrastiez gain, ur-gune hau garrantzi handikoa izango da gainerako faunarentzat ere, eta horien artean, odonatoek (burruntziak eta sorgin-orratzak) eta saguzarrek nabarituko dituzte onurak.
Urmaela, Euskal Herriko eskoletako Urmael Sarearen parte izango da. Basoarekin batera, Ikastetxeek didaktikoki erabiltzeko gune garrantzitsua bihurtuko da Monoaundi.
Urtarrilaren 26a Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna
Eremua prest dago auzolanean sortu nahi diren baliabideak egiteko. Urtarrilaren 18an, urmaela izango denaren zuloa egin zuen Udalak. Urtarrilaren 26an, Ingurumen Hezkuntzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Eskolako Agenda 2030 taldea osatzen duten ikastetxeetako (Azkoitia BHI, Bizilore, Floreaga eta Izarraitz) ikasle ordezkariek egindako zuloa urmael bihurtzeko lanak burutuko dituzte. Ondoren, modu naturalean urez bete eta animalien etorrera besterik ez da faltako.