“Lehendakari gaia” antzezlanarekin datoz larunbatean, otsailaren 5ean, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga Azkoitira. Txalo Produkzioak-en azken lana eramango dute oholtza gainera. Hitzordua 19:00etan izango da Baztartxo Antzokian. Sarrerak salgai daude www.azkoitia.eus/agenda loturan sartuta eta egunean bertan leihatilan ere eskuragarri egongo dira.
Gure Zirkuak tarte bat utzi dio Galartzari eta hura aprobetxatuz datozen hilabeteetan berrogeitaka emanaldi izango ditu. Gogotsu dago antzerkia egiteko eta jendeari barrea eragiteko. Zuhaitz Gurrutxagarekin izango da oholtza gainean. “Telebistan topatzen ginen baina Zuhaitzekin lanik egin gabe nengoen aurretik. Bere papera ikaragarria da. Telebistan ikusten dugu ze ondo egiten duen lan, baina esango nuke antzerkian hau dela bere lehen paper handia”.
Galartzak, Sonia Vazquez Kultura zinegotziak lagunduta, udaletxean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez bi hilabete luze eman dituzte entseguetan. “Ez dut sekula antzezlan bat hainbeste entseatu. Normalean 20-25 entsegurekin nahikoa izan ohi dut, baina kasu honetan, testu asko dago eta bi gara bakarrik eszenatokian”. Edonola ere, puntu puntuan dute obra. Ordu t'erdiko iraupena du gutxi gora-behera. “Publikorik gabe, ordubete eta hamabi-hamabost minututan egiten dugu. Publikoak, ordea, denborak markatzen ditu. Publikoa entzun egin behar da, barre egiteko tartea utzi...”
Antzezlana Begoña Bilbaok zuzendua da eta testua Ramon Madaularena da, ondoren Martin Agirrek euskaratua. Gidoia irakurri orduko eman zion baiezkoa Galartzak Txalo etxeari.
Izenburuak dioen moduan, lehendakari izango den gizon baten gorabeheretan oinarritutako antzezlana da. “Lehendakari izango den gizon bat ikusiko dugu, herri bat gobernatzeko prest dagoena, baina ez dakigu benetan horretarako gai izango den. Boterea edukiko duela badaki, baina botere horretara ohitzeko prest egongo ote da?”. Izan ere, “ingurukoek – jarraitu du Galartzak – gehiago agintzen dute eta bikoteak A esaten badio A da. Gizon arrunt bat da azkenean, bere miseri eta penekin”.
Argi dagoena da publikoak erruz gozatuko duela.