Inbertsio handiak ur azpiegituretan
Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 2008an sinatu zuten uraren kudeaketa integralaren inguruko akordioa, eta 2019an berritu zen hitzarmena beste hamar urtetarako. Hitzarmenetan jasotakoaren arabera, Ur Kontsortzioak azpiegituren hobekuntzan inbertsioak egiteko konpromisoa du eta horretan dihardu 2009tik. Ordutik gaur arte, 1.777.000 euro inbertitu ditu herrian.
2019an itxitako akordioaren arabera, 2029ra bitartean, hau da, Udalarekin duen hitzarmena indarrean dagoen epealdian, Ur Kontsortzioak 1.281.980 euro inbertituko ditu. Urtez urte, bi erakundeek egingo diren inbertsioak zehazten dituzte eta jada erabakita dituzte aurtengo eta datorren urteko esku-hartzeak.
Aurtengo urterako aurreikusitako inbertsioen baitan, asmoa da Floreaga eta Atxabaleta auzoetan identifikatuta dauden saneamendu-sareko isurketak jasotzea eta Aizkibel kalean, 13 eta 21 zenbakien arteko sareak aldatzea.
2023an, berriz, Bizkargi, Julio Urkixo eta Trino Uria kaleetako hornikuntza eta saneamendu sareak berrituko dira, egindako plangintzaren arabera.