“Pornoak -dio Urrutiak- gazteengan zuen eraginaren harira, ikerketa bat jarri genuen martxan. Esaten badugu gure gazteentzat hezkuntza sexual eta afektiboan pornoa dela erreferente nagusia, fizkio hori errealitatera eramaterakoan gertatzen den desfasearen aurrean, zer esan dezakegu oholtza gainetik? Hori izan zen gure galdera. Eta bestetik, nortzuk gara gu gazteei nondik joan esateko, gure ezintasun, gure ergelkeria, gure aseezintasun sexual eta afektibo guztiekin.? Ikusi genuen ez geundela inori eskolarik emateko. Eta gure ezintasunak gazteen ezintasunetatik hain urrun ez zeudela”. Min eta ezintasun guzti horiek oholtza gainera eramatea erabaki zuten, “elkarrekin geure buruaz barre egiteko”. “Eskolarik eman gabe, baina “antzezlana hausnarketarako abiapuntu izan zedin”.
Asmoa ez da gaia arinki hartzea, “latza delako eta mina dagoelako, eta hori ez da ukatzen, baina umorearen bitartez, elkarrekin barre egitean korronte askatzaile bat jartzen dugu martxan”, azaldu du Urrutiak.
Musikak presentzia handia du antzezlanean. Sinopsiari helduta, rock talde baten azken kontzertuaren aurreko soinu proba da kontatzen dena. Taldean 15 lagun ziren eta hiru geratzen dira. “Lanak, seme-alabek, nekeek, zaildu egiten dute bizitza. Azken arnasa emateko zorian aurkituko ditugu hirurak. Ikusiko ditugu pertsona hilkorrak euren bizitzekin, pasioekin... ahal dutena egiten”. Bigarren plano batean daude “bi mamu edo bi idealizazio goren, heroiak edo rockstarrak balira, eta hirugarren plano batean jainko-jainkosak agertzen dira, porno eta afrodita, askatasun osoz bizitzen, neurririk gabe. Hiru errealitate eta hiru plano agertzen dira”.
Gorka Urbizu ere sartu du Urrutiak antzezlanean. Sare sozialen munduarekin lotu du haren figura. “Sare sozialen mundua helduen hari dramaturgikoan kokatu dugu, sare sozialen bidez bideratzen duten sasi-gertutasun hori, eta sublimazio horretarako gertuko eredu bat bilatu dugu”. Urrutia testua idazten ari zen bitartean Berri Txarraken azken bira izan zen eta gertuko jainkoek eta izarrek sortzen duten eromen kolektiboa islatzeko balio izan zion haren irudiak.
Antzelana 2020ko urrian estreinatu zen eta 36. emanaldia izango da Azkoitikoa. Publikoaren erantzuna orain artekoan zoragarria izan da, Patricia Urrutiaren ustez. “Helduentzat eta oraindik heldu gabe daudenentzat”, denentzat da aproposa antzezlana.