Kartel lehiaketa eta bertsoak
Ibilbide horretan, Berdintasun sailak eta Hezkidetza Foroak sustatuta, Kartel Lehiaketa egin da ikastetxeetan aurtengo Martxoak 8 egunari irudia jartzeko. Irabazlea Izarraitz Lanbide Heziketako ikasle Malen Pazos da, eta bere kartelak irudikatuko du 2022ko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Oso kartel koloretsua da, emakumeen ahalduntzea aipatzen du, besoak altxatuta, baina eskuan lorea, alegia, boterea beste era batera ulertuta eta emakumeen gorputzen eta bizipenen aniztasuna aldarrikatzen du.
Bigarren saria Azkoitia BHIko Salma Lemtanten ikasleak jaso du. “Ni ez naiz inoren jabe eta inor ez da nire jabe” lelopean, collage batekin osatu du kartela. Hirugarren saria Floreaga Ikastetxeko Ibai Martinek eskuratu du. “Inoiz baino indartsuago” leloa irakur daiteke kartelean eta emakume talde bat ikusten da besoak altxata aurrera egiteko prest.
Lehiaketan parte hartu dute Floreaga Ikastetxeak, Xabier Munibe Ikastolak, Azkoitia BHIk eta Izarraitz Lanbide Heziketak. DBHko ikasleek kartelak egin dituzte eta Lehen Hezkuntzakoek paparrean eramateko txapak diseinatu dituzte. Kartel lehiaketara guztira 124 lan aurkeztu dira.
Gaurtik hilaren 11ra bitartean, kartelen bilduma bat erakusgai egongo da Berdura Plazan.
Emakume bertsolarien saioa
Berdura Plazako erakusketaz gain, “Ez da kasualitatea” lelopean, bertso saioa antolatu da. Lau emakume bertsolari arituko dira oholtzan. Hitzordua martxoaren 13an izango da, 18:00etan, Floreaga Ikastetxeko On Bosco aretoan. Bertsotan arituko dira Maddalen Arzallus, Alaia Martin, Julene Iturbe eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea Eresti Oiarbide izango da eta musikaz Gari Otamendi eta Araitz Bizkai arduratuko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude eta zortzi eurotan eskura daitezke www.azkoitia.eus/agenda loturan sartuta edota www.entradium.com atarian.
Adierazpen Instituzionala
Udalak otsailaren 23ko udal osoaren ohiko udalbatzan Adierazpen Instituzionala onartu zuen. Edukiak balioan jartzen du Berdintasunerako 4/2005 Legearen aldaketa, “berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka jauzi kualitatiboa egitea ahalbidetuko duen arau-esparrua eraikitzeko testuinguru egokian sustraituta dagoelako”.
III. Berdintasun Planaren bidean
Berdintasun alorrean, udal politikak finkatzeko tresna garrantzitsua da Berdintasun Plana. Udalaren II. Berdintasun Plana 2018-2021 epealdirako egin zenez, urrats berriak ematen hasi da Udaleko Berdintasun arloa. Lehenengo II. Planaren ebaluaketa eta egoeraren diagnostikoa landuko dira, eta ondoren, III. Berdintasun Plana diseinatuko da. Aste honetan bertan egin dute Udal arduradunek lehenengo bilera prozesu guzti horri hasiera emateko.