Jarduerak
Igandean, 18:00etan, Floreaga ikastetxeko On Bosco aretoan bertso saioa eskainiko da. “Ez da kasualitatea” lelopean arituko dira Maddalen Arzallus, Alaia Martin, Julene Iturbe eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea Eresti Oiarbide izango da eta musikaz Gari Otamendi eta Araitz Bizkai arduratuko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude eta zortzi eurotan eskura daitezke www.azkoitia.eus/agenda loturan sartuta edota www.entradium.com atarian. Udaletxean Kultura sailean ere eroski daitezke sarrerak ostirala bitartean 9:00etatik 14:00etara.
Halaber, Azoka plazan ikastetxeetan egindako kartelen erakusketa bisita daiteke ostiralera arte.
Berriak
Udalak bat egin du M8ko berdintasun aldarriarekin
Alderdi guztietako ordezkariak bildu dira gaur Xebas Larrañagaren “Emakumeen Oroimenez” eskultura aurrean, berdintasun aldarriarekin bat egiteko, eta lau haizetara zabaltzeko. Martxoaren 8a, emakumeei historikoki usurpatutako eskubideak erreibindikatzeko eguna da, baita eskubide horien aldeko borroka gogora ekartzeko eguna ere.
Udalak berdintasun-politikak indartzeko konpromiso irmoa du, “emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain, demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki eta ekonomikoki jasangarriagoa eraikitzeko behar estrategikoa dela” sinetsita duelako.