Madrilen egoitza duen konpainiak lau parke eoliko eraikitzeko asmoa du Gipuzkoan. Azkoitiri eragiten diona Buruzai deritzan proiektua da. Lau haize-sorgailu eraikiko lirateke, bat Oleta inguruan, Azkoitian, eta beste hiru Zumarraga eta Urretxuko lurretan. Aerosorgailu bakoitzak 4,5 MW-ko potentzia izango luke.
Bigarren proiektua, Trekutz, Urretxun eta Antzuolan kokatuko litzateke. Hirugarrena, Ezkeltzu, Zizurkil eta Usurbilgo lursailetan eta laugarrena, Karakaten, Soraluze eta Elgoibarko eremuetan.
Interes bereko beste enpresek eskaerak aurkezteko epea gainditu da, eta ez da inor aurkeztu. Urrats hori emanda, orain, Buruzai eta Trekutz proiektuei dagokienez, Capitan Energy enpresak dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du Eusko Jaurlaritzan aldez aurretiko administrazio baimena izapidetu ahal izateko.
Beste bi parkeak jendaurrean daude, lehian beste eskabide batzuk aurkezteko aukera emanez.