Jardunaldiaren helburua Urola Erdiko enpresekin autokontsumoaren eta komunitate energetikoen inguruko informazioa eta ezagutza partekatzea izan da. Horretarako, hainbat esperientzia ekarri dituzte. Hitza hartzen lehenengoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zerbitzu-burua izan da, Iñaki Puga. Hark 2050 urtea jomuga hartuta, foru erakundeak energia arloan duen estrategia azaldu du. Gipuzkoako herri ezberdinetan garatzen ari diren ereduak aipatu ditu eta eman beharreko urratsak laburbildu. Gaineratu du energia eskubidea dela, oinarrizko guztion ondasuna. Energia aurreztea eta energiaren erosketa optimizatzea, eraginkortasuna lortzea, autokontsumorako energia ekoiztea, edota energia erosi ez ezik, saltzea dira gakoak.
Bide horretan, Urola Erdia ez da hutsetik hasiko. Eman dira urratsak. Iraurgi Berritzenen zuzendari Begoña Beobidek azaldu du azterlan bat egin zela 2015ean non bailarako industrialdeetan energia berriztagarriak, batez ere, eguzki-energia fotovoltaikoa, ezartzeko dagoen potentzialtasuna jasotzen den. Guztira 177 enpresen potentzialtasuna neurtuta dago. Beobidek gogorarazi du Urola Erdia Gipuzkoako bigarren bailara industrializatuena dela, Goierriren ondoren. Ildo horretan, esan du Iraurgi Berritzen enpresei laguntzeko dagoela. “Energiari lotuta, enpresen lehiakortasuna areagotzeko garatu daitekeen edozen ekintza aurrera eramateko orduan, gu, Foru Aldundiarekin eta Udalekin bat eginda, hor izango gaituzue laguntzeko”.
Izandako esperientziak partekatzeko saiora gonbidatu dira Oarsoaldea Garapen Agentzia, Txekalde Aholkularitza, Orion Proyectos S.L. eta Salto Systems.