Hala ere, bere ustez, “idazleak ez du jakiten zer egin duen”, hori irakurleak omen daki. Onartzen du fantasia gisa “irakurlea harrapatuta, gatibu” nahiko lukeela ikusi, baina bestalde, aske sentitzen da oso, nahi duena idazteko. “Euskaraz eleberri bat idaztea niretzat askatasunaren esparrua da. Irratian hitz egiten dut, artikuluak idazten ditut… eta badakit nola hitz egin, agintzen eta ordaintzen dutenen aurrean. Literaturarekin kontu korronteak berdin jarraitzen du eta nola ez den bizibidea, nahi dudana egiten dut”. Kazetariak kanpora begiratzen du eta idazleak barrura, eta Arantxa Urretabizkaiari bi begiradak tartekatzea gustatzen zaio.
Poesia ere idatzi izan du, baina poesia “txinparta” dela beretzat, dio.
Juan Luis Zabalaren eskutik, idazten hasi zenetik gaur arteko ibilbideari erreparatu dio idazleak. Betidanik izan du irakurzaletasuna eta konturatu zenean "idaztea ofizioa dela, eta ez zerutik etortzen den grazia", lasaitu egin omen zen.
Lur argitaletxearen bueltan, ezagutu zituen Arantxa Urretabizkaiak Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola edota Gabriel Aresti. “Hogei urte izango nituen eta ordura arte, ez nuen idazlerik haragitan ikusi. Ez nituen eskura”. Bere lehen poemak idatzi zituen sasoi hartan, baina orduan beste zerbait egin nahi zuen. “Francori hiru urte geratzen zitzaizkion, eta nik zerbait sozialagoa egin nahi nuen. Arestik egiten zuena egin nahi nuen, borroka kutsuko zeozer”.
1979an kaleratu zuen “Zergatik panpox?”, bere lehen eleberria, senarrarengandik banandutako emakume baten bizipenen ingurukoa. Nobelan Panpox semea zen. “Franco hil zenean, nire inguruan aldaketa nabarmenena ez zen izan politikoa, bikoteak desegiten hastea, baizik. Gehinetan, gizonezkoak alde egin zuelako. Emakumeen malkoaldiak jasotzea tokatu zitzaidan eta hura kontatu beharra zegoela pentsatu nuen”. Ama baten larruazalean sartu zen, ama izan gabe. “Ama nintzen idazten jartzen nintzenean, baina ez nintzen ama”. “Beti kezkatu izan nau amaren pisu gehiegizkoak. Bada, “ama zu zara dena”. Nik ez nuen dena izan nahi”.
Urretabizkaiak zinea ere probatu du. “Albaniaren konkista” eta “Lauaxeta” pelikuletan gidoigilea zen. Ez zitzaion gustatu. “Zineak jan egin dio kontakizunaren zati handi bat literaturari. Baina literaturak badu abantaila handi bat. Zineak konta dezake pertsona batek zer esaten duen eta zer egiten duen. Hortik apartekorik ez. Literaturak, aldiz, pertsonaiaren barrura sartzen uzten dizu”.
Liburu Azoka Maxixatzen Euskara Elkarteak antolatu du Udalaren laguntzarekin eta elkarteko ordezkari Julen Garatek oroigarri bat entregatu dio Arantxa Urretabizkaiari bere ibilbidearen aitortza gisa.
Amaia Zinkunegiren “Otsandreak korrika” kontaketarekin itxi da gaur arratsaldeko jarduna.
Egitaraua:
-
Apirilak 1:
-
Apirilak 2
-
11:00 Garbiñe Larrearen “Sendabelarrek dakitena” (Argia).
-
12:00 Irati Jimenez “Begiak zabalduko zaizkizue” (Elkar) saiakerarekin prestatutako emanaldia.
-
17:00 Eider Rodriguezen “Eraikuntzarako materiala” (Susa).
-
18:00 Goiatz Labandibarren “Amez” (Alberdania).
-
-
Apirilak 3
-
11:00 Gema Lopez: Edna O´Brienen “Landa aldeko neskak” liburuaren itzulpena (Erein).
-
12:00 Emakumeek idatzitako liburuetatik aukeratutako testuen irakurketa. 25 lagunek irakurriko dute.
-
Amaieran hamaiketakoa parte hartzaileekin.
-