Gaur egin dute aurkezpena udaletxean Triatloi Klubeko antolatzaileek, Aritz Urangak eta Aitor Beneitezek, eta bidelagun izan dituzte udaleko zinegotzi Sonia Vazquez, Triatloi Federazioko presidente Iban Perez, Marea Urdinako Aritz Orbegozo, eta Eskola Kiroleko Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko arduradunak, Julian Olano eta Mikel Pastrian.
Antolatzaileek erakundeen eta boluntarioen laguntza eskertu dute eta baita aurtengoa “erronka handia” dela aitortu ere.
Urteurrena ospatzeko Azkoitri Triatloi Klubak parte-hartzea zabaldu nahi izan du aurtengo edizioan. Horregatik, federatuei zuzendutako probaz gain, beste bi lasterketa ere egingo dira. Goizean goizetik, haurrek duatloian parte hartzeko parada izango dute. Adin-taldearen arabera, distantzia eta ibilbide ezberdinetako lasterketak egingo dira. LH1 eta DBH4 arteko haur eta gazteek parte hartuko dute. Eskola Kirolean parte hartzen dutenek jarrita dute hitzordua.
Haurrei dagokienez, 9:30ean aterako dira benjaminak eta 10:00etan alebinak. Aurrebenjaminek eta infantilek 9:00etatik 10:00etara bitartean eman beharko dute izena Herriko plazan, eta 10:30ean eta 11:00etan aterako dira, hurrenez hurren. Azpimarratzekoa da proben izaera inklusiboa. Herriko plazan, Marea Urdinaren eskutik zenbait jarduera ere antolatuko da.
Eguerdian, paraduatloia eta lasterketa herrikoia izango dira, azken hau federatu gabeentzat. 2,5 kilometroko ibilbidea egingo dute lasterkan, 10 kilometro txirrindu gainean eta bukatzeko, beste 1,25 kilometro berriro korrika. Supersprint distantziako proba izango da, eta herrigunera mugatuko da zirkuitua. 12:30ean emango zaio irteera paraduatloiari eta 12:35ean, lasterketa herrikoiari.
Azkoitiko XIX. Duatloia arratsaldez izango da eta distantzia motzeko formatuan. Euskal Herriko duatloi zirkuitoan distantzia motzeko lasterketa bakarra izango da Azkoitikoa eta horregatik, partaidetza handia espero dute antolatzaileek. 56 kilometrok osatzen dute ibilbidea. 10 kilometro egingo dituzte lasterka, 5 kilometroko bi bira, alegia, gero beste 41 kilometro biziketaz eta amaitzeko, beste 5 kilometro korrika.
Emakumezkoek 15:45ean dute hitzordua Herriko plazan lasterketari ekiteko, eta gizonezkoek 16:00etan.
Korrikan egin beharreko ibilbidea Plazaberrin hasiko da, Parrokia aurretik igaro eta Trenbidearen Zumardia kalera hartuko dute atletek eta handik Juin industrialdera. Txerloiko lantegiei buelta eman eta berriro Trenbidearen Zumardia aldera jarraituko dute. Julio Urkixo, Ugarte ibilbidea eta Santa Klara kalea zeharkatuko dituzte, eta Bizkargi kalean sartuko dira, Julio Urkixo eta Ibai Ondo kaleetatik igarotzeko. Ibilbide bera bitan egin beharko dute partaideek lasterketaren lehenengo partean. Guztiz laua da ibilbidea.
Txirrinduz, berriz, Azpeititik barrena Nuarbera joango dira eta Landetara bueltatu ostean, Errezilgo norabidea hartu beharko dute. Zortzi bat kilometroren ostean, punturik altuena, baserri bideetatik egingo dira beste 1,6 kilometro eta berriro errepide nagusitik Landetako biribilgunera iritsiko dira. Handik Azkoitirako bidea hartuko dute eta behin herrian, Altzibarko biribilgunetik Herriko plazara helduko dira. Drafting-a debekatuta egongo da.
Izen-ematea
Gaur, apirilak 25, da Duatloi federatuan eta Herrikoian izena emateko azken eguna. Izena www.triatloi.org atarian eman beharko da. Eskola Kiroletik kanpo dauden haurrek egunean bertan emango dute izena.
Momentuz, Duatloi motzerako 140 lagunek eman dute izena eta lasterketa herrikoirako 39 atletek.
Trafikoan eragina
Duatloia egun osoko festa izango da eta beraz, puntualki eta gune jakinetan, trafikoan eragina izan dezake. Antolatzaileek pazientzia eskatu diete herritarrei. Edonola ere, eragina minimizatzen saiatuko dira.