Goizean zehar, benjaminek, alebinek, aurrebenjaminek eta infantilek hartuko dute parte. 9:30ean, 10:00etan, 10:30ean eta 11:00etan dituzte irteera orduak jarrita adin-taldearen arabera. Ibilbidea herrigunetik ez da aterako, baina Altzibarreraino iristen denez, Altzibarren eta Kale Nagusian puntualki trafikoa moztuko da eta ibilgailuak Oteiza Pilotalekuetarantz bideratuko dira.
Lasterketa herrikoia 12:30ean aterako da eta Duatloia 15:45ean hasiko da. Probek irauten duten bitartean, herrigunera sartzea edo bertatik ateratzea konplexua izan daiteke. Udaltzaingoaren gomendioa da herri barrura Maxi Eroskiko biribilgunetik sartzea eta Ugarte ibilbidea hartzea, Santa Klara aldetik herrira barneratzeko. Tarte horretan, errai bat libre egongo da ibilgailuak herrira sar daitezen.
Herritik irteera, berriz, saihesbidetik egin beharko da, Elgoibarko biribilgune aldetik.
Lasterketa herrikoiaren ibilbidea herrigunera mugatuko da, baina kontuan izan behar da larunbatean, eguerdiko hamabi t’erdiak, puntako ordua dela.
Antolatzaileek “pazientzia izateko” eskatu diete herritarrei. Garrantzitsua da bidegurutzeetan egongo diren boluntarioen, udaltzainen eta ertzainen jarraibideak errespetatzea.
Korrikan egin beharreko ibilbidea Plazaberrin hasiko da, Parrokia aurretik igaro eta Trenbidearen Zumardia kalera hartuko dute atletek eta handik Juin industrialdera. Txerloiko lantegiei buelta eman eta berriro Trenbidearen Zumardia aldera jarraituko dute (tarte hori trafikoaren kontrako norabidean egingo dute). Eskuinera hartu eta Julio Urkixo, Ugarte ibilbidea eta Santa Klara kalea zeharkatuko dituzte, eta Bizkargi kalean sartuko dira, Julio Urkixo eta Ibai Ondo kaleetatik igarotzeko.
Txirrinduz, berriz, Azpeititik barrena Nuarbera joango dira eta Landetara bueltatu ostean, Errezilgo norabidea hartu beharko dute. Zortzi bat kilometroren ostean, punturik altuena, baserri bideetatik egingo dira beste 1,6 kilometro eta berriro errepide nagusitik Landetako biribilgunera iritsiko dira. Handik Azkoitirako bidea hartuko dute eta behin herrian, Altzibarko biribilgunetik Herriko plazara helduko dira.