I. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketa
I.Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketa abian da, eta lanak aurkezteko epea maiatzaren 31n itxiko da. Bi maila izango ditu. Gazteena edo 18 urtez azpikoena, eta helduena edo 18 urtetik gorakoena. Gazteenak lehenengo saridunak 250 euroko diru-saria jasoko du eta bigarrenak, 125 eurokoa. Helduetan, 500 eta 250 euroko diru-sariak emango dira.
Halaber, Azkoitia Saria ere izango da, eta bertsopaper hoberenak idazten dituzten herritarrak sarituko dira. Gazteetan 150 euroko diru-saria emango da eta helduetan, 300 eurokoa.
Eneritz Artetxek azaldu bezala, Hike eizan! eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideak osatuko dute epaimahaia. Ekainaren 10ean jakingo da zeintzuk diren gailendu direnak eta ekainaren 30ean egingo den bertso saioan emango dira sariak.
Gaia eta doinua libreak dira. Gazteen mailan sei bertsoko sortak egin beharko dira eta helduen mailan, zortzikoak. Kontuan hartzekoa da nokaren erabilera. “Noka balorean jarriko da eta gehiago eta hobeto baloratuko da”.
Artetxek azaldu duenez, hasieran bazituen bere zalantzak. “Udaletik hika bertsopaper lehiaketa antolatzeko proposamena jaso nuenean, nire zalantzak agertu nizkien, ez delako erraza erregistro berri batean eta idatziz jasota geratuko den zuzentasunarekin hika bertsoak idaztea. Baina argi ikusi nuen aurrera egin nahi zutela eta horrela egin dugu”. Aurretik esperimentu gisa egindako adibideren bat aurki daiteke baina oso urriak dira, iaz antolatutako hikako bertso saioa bezalaxe.
Bertsopaper lehiaketako oinarriak www.azkoitia.eus atarian ikus daitezke edo HEMEN KLIKATUTA
Noka ikastaroa
Noka ikastaroa Xabier Eizagirrek emango du. Euskara eta Berdintasun sailek bat egin dute eta Hike Eizan! egitasmoaren baitan eskainiko den arren, Ahalduntze Ikastaroen egitarau barruan sartu dira saioak. Maiatzaren 5etik ekainaren 9ra izango da ikastaroa eta Elkargunean emango da 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Izena eman daiteke euskara@azkoitia.eus -era idatzita edo 943 85 71 75 telefonora deituta. Izen- emate epea luzatu da eta maiatzaren 4an itxiko da.
Xabier Eizagirrek ikastaroak izango dituen hiru ezaugarri azpimarratu nahi izan ditu. “Ikastaroaren %90ean noka egin eta bultzatuko da. Horrek esan nahi du mutilak kanpoan geratuko direla? Ezta pentsatu ere!”. Gizonezkoek emakumezkoei noka nola hitz egin ikasiko dute. Bestetik, saioak “praktikoak” izango dira. “Praktikan jarriko da eguneroko jardunetan eta elkarrizketetan euskara kolokialean behar izaten ditugun aditz-formak. Kasu honetan, neskei neskei jarduteko konfiantzazko erregistro batean, noka”.
Hirugarren alderdi gisa, Eizagirren aipatu du azkoitiarrez izango dela ikastaroa. “Hizkuntza ranking bat badabil eta gure garaian gaztelania zen bezala, orain ingelesa agertzen zaigu erakargarri. Toki askotan Euskal Herrian gaztelania gailendu da, eta ondoren, euskara. Baina ze euskara? Batua, formala, neutroa. Etxe askotan eskolaren gain utzi da hizkuntzaren ikasketa kontua, eta ranking horretan behe samarrean geratzen da herriko hizkuntza, eta hori falta delako, azkoitiarrez izango da ikastaroa, herri hizkera ikusarazteko eta lantzeko”.
Eizagirren gogorarazi du, hain justu, Hike eizan! egitasmoa martxan jarri zela hika “erdiak, erdizka eta erdipurdiz” egiten zela ikusi zelako.
Lantaldea eta ibilbidea
Marijose Arregik azaldu du Hike eizan! proiektuaren atzean lantalde bat dagoela eta taldea osatzen dutenei eskerrak eman dizkie inplikazioagatik eta ekarpenarengatik. Lantaldea irekia da eta norbaitek interesik balu parte hartzeko, Udaleko Euskara sailarekin jar daiteke harremanetan.
Proiektua martxan jarri zenetik hainbat ekintza burutu dira. Logotipo lehiaketa antolatu zen irudia ipintzeko Hike eizan! egitasmoari eta hika bertso saio komentatua antolatu zen. Abenduan, Euskararen Egunari lotuta, ohikoenak diren aditzen gida zabaldu zen etxe guztietan eta Ahotsak proiektuaren baitan, hitanoaren inguruan hainbat elkarrizketa egin dira. “Ibilbide honi hasiera eman genionean, garbi genuen ez genuela ekintza solte bat antolatu eta hantxe geratzerik nahi. Kontziente ginen jarraipena eman behar geniola eta horretan ari gara”, esan du Marijose Arregi Euskara zinegotziak.