Iaz, esaterako, 269 neska-mutilek hartu zuten parte. Hainbat herritan ez zen Udaleku zerbitzurik eskaini pandemiaren eraginez, baina Azkoitian Udalekuen aldeko apustua egin zen.
Aurtengoari dagokionez, Gazteria zerbitzuak prest du haur eta nerabeei zuzendutako udako eskaintza eta ostiralean banatuko da ikastetxeetan digitalki. HH3 eta DBH4 artekoei zuzendutako proposamen anitz jasotzen ditu eskaintzak. “Behin -dio Sonia Vazquezek- eskaintza landuta, izen-emateak itxitakoan zehaztuko ditugu baliabideak. Horretarako, haur kopurua eta adin-taldeak ikusi behar ditugu, Gazteria Zerbitzuak dituen hezitzaileez gain, zenbat begirale beharko ditugun jakiteko. Gure nahia da ahalik eta haur gehienek izatea Udalekuez gozatzeko aukera”.
“Artxabentura” eta “Praka Motxakin” egitasmoak eskainiko dira Udalekuen baitan. 3 eta 9 urte bitartekoei zuzendutako “Uztaila Jolasean” programa Praka Motxak-en baitan txertatu da, adin-tarte guztietara zabalduz eskaintza.
Orain arte “Uztaila Jolasean” Udalak eta Alai Batza Aisialdi Elkarteak elkarlanean antolatzen zuten, oso emaitza onarekin. “Aurten, ordea, eta pena handiz, ezingo ditu Alai Batzak antolatu, kontratazio legea tarteko. Udalak diru-laguntza ematen zion elkarteari, baina zerbitzu publiko bat ezin da finantzatu dirulaguntza bidez. Udalak bi aukera ditu udalekuak antolatu nahi baditu: Erakunde gisa, begiraleak kontratatu, edo zerbitzu hori lehiaketa publikora atera eta enpresa bat kontratatu horretarako. Noski, Alai Batzak ere, beste elkarte edo enpresak bezala, aukera du lizitaziora aurkezteko eta udaleku propioak ere antola ditzake”. Udala “oso eskertuta” dagoela Alai Batzarekin, gaineratu du Gazteria zinegotziak.
Aurten Gazteria Zerbitzutik antolatuko dira Udalekuak, eta kontratazio bidez hartuko dira behar diren begiraleak, lizitazio prozesua aurrera doan bitartean.
Sonia Vazquezek aurreratu nahi izan du aurten astebeteko txandak aurreikusi dituztela arrazoi bategatik. “Alai Batzari dirulaguntza ematen zitzaion udalekuak antolatzeko, baina bertako bolondresek ez zuten lan kontraturik. Orain, enpresa bateko langileek egingo dute begirale lana, eta kostua altuagoa da. Horrek prezioetan eragina du. Horregatik erabaki zen astebeteko txandak jartzea, ordainketarako ere malgutasuna emateko, hain zuzen”. Hori bai, haur eta nerabeek izango dute aukera bi edo hiru txandatan izena emateko, eta plazak libre baldin badaude, bigarrenean eta hirugarrenean ere parte hartu ahalko dute. “Plazekin arazoa balego bakarrik joko da zozketara, gainontzeko herri gehienetan egin ohi den moduan”.
Tailerrei dagokienez ere, erraztasunak ematen saiatu da Gazteria Zerbitzua. Bi tailerretan izena emanez gero, bigarrenean %25eko deskontua izango du.