1956an sortua, gaur egun Xubi taldearen enpresetan 252 lagunek egiten dute lan, eta ekoizpenaren %80 esportatzen dute.
Herri eta bailara ikuspegiari eta bertakotasun zentzuari sendo eutsi dion familiako enpresa da Xubi. Horregatik, hemen, bertan, enplegua eta aberastasuna sortzearen aldeko apustu irmoarekin jarraitzen du, nahiz eta onartu munduari erreparatuta, egoera gero eta zailagoa eta lehiakorragoa dela. "Inflazioa da gaitzik okerrena esportatzeko", diote. Energia kontsumoaren kostua, esaterako, laukoiztu egin zaie. Egungo ziurgabetasunarekin enpresak sufritzen ari dira, eta gainera, "ezer gutxi egin" daitekeela diote, enpresaren kudeaketatik at dauden faktoreez ari garelako.
Edonola ere, Xubi taldearen indarguneetako bat bere dibertsifikazioa da. Sektore eolikoarentzat, aeroespazialarentzat edota ontzigintzarentzat egiten du lan, eta baita, siderurgia, meatzaritza, zementu-industria, findegi, tren edota makina erramintarentzat ere.
Javier Zubizarreta alkateak semeek enpresari eman dioten jarraipena eredugarritzat jo du eta aldaketa egiteko modua goraipatu du. "Aitak semeei legatua utzi die, eta semeek erantzuten jakin dute. Oso ondo eramandako aldaketa izan da, eta emaitza begi-bistan dago".
Bisitan izan dira Javier Zubizarreta alkatearekin batera, Iraurgi Berritzenen presidente Nagore Alkorta eta Begoña Beobide zuzendaria; SPRI taldeko zuzendari nagusia, Aitor Urzelai; Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendaria, Leyre Madariaga; Industria Garapeneko zuzendaria, Ana Camacho; Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, Raúl Pérez, eta IHOBEko zuzendari nagusia, Alex Boto.