Hain zuzen, proiektuaren helburua da ikasleei eskualdeko eragile sozioekonomiko ezberdinekin harremanetan jartzeko eta eskualdeko errealitatea ezagutzeko aukera eskaintzea prozesuaren bitartez.
Elkarrekin Eraikitzen proiektuan bost ikastetxek hartu dute parte, Azkoitia BHI-k, Floreaga Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Urola Ikastolak. Halaber, hamahiru irakasle murgildu dira egitasmoan, eta 250 ikasletik gora, 58 lan-taldetan. Eragile kopurua ere ez da makala, 60 inguru izan baitira.
Proiektua garatzeko, ikastaldeak hartu-emanean egon dira, besteak beste, udal ordezkariekin, Urkome edota merkatari elkarteetako teknikariekin, enpresetako arduradunekin edota Osasun arloko profesionalekin.
Iraurgi Berritzenen Hezkuntza Gunearen esanetan, proiektuak nahiz ikasketa prozesuak "ikaslea protagonista egiteaz gain, hainbat gaitasun garatzen laguntzen du, hala nola, ikasleen arteko iniziatiba, talde-lana, komunikazio gaitasuna, e.a.".
Floreaga ikastetxeko taldeak Iraurgi Berritzenekin garatutako prozesua izan du hizpide; Iraurgi Ikastetxeak enplegua landu du; Ikasberri Ikastolako ikasleek osasungintza aztertu dute; Urola Ikastolako taldeak merkataritza jorratu du eta Azkoitia BHI-ko gaztetxoek komunikazioa aztertu dute.
Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia azoka, bihar
Bihar Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia azoka ospatuko da Azpeitiko plazan eta eskoletan landutako proiektuak egongo dira ikusgai. Egitasmoaren xedea da gazteak zientziara eta teknologiara gerturatzea, eta gaitasun ezberdinak garatzea. Proiektua Iraurgi Berritzenek eskualdeko ikastetxeekin lankidetzan burutzen du, Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin.
Ekimenak orain zenbait urte identifikatutako beharrei erantzuna ematea du helburu. Hain zuzen ere, eragile-sarean, ikastetxe, udal nahiz enpresek hautemana dute eskualdean zientzia eta teknologiarekiko gaitasunak lantzeko beharra, eta, testuinguru horretan, eskualde ikuspegitik, ezinbestekotzat jo da hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea.
Azoka 11:00etan irekiko da eta 13:00era arte bisitatu ahalko da. Guztira bederatzi proiektu jarriko dituzte ikusgai ikasleek.