Oso eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia beste egun batera atzeratuko litzateke.
Udalak 1989ko martxoan onartu zuen ezkutu edo armarria, baina ez zuen bandera ofizialik onartuta, ez zirelako jatorrizko banderaren ezaugarriak ezagutzen. Horregatik, orain arte zapi zuri bat erabili izan da bandera gisa, gainean brodatutako ezkutua duela.
Ondare zinegotzi eta Azkoitiko kronista ofiziala den Juan Bautista Mendizabalek ikerketari ekin zion eta banderaren berri jasotzen zuen dokumentua deskubritu zuen Udal Artxibategian. “Memorial e inventario de los privilegios y escrituras halladas en el concejo de la villa de Azcoitia, así como pesas, medidas y otros objetos” izeneko dokumentazioan jasotzen da, Juan Pérez de Umansoro eskribauaren testigantzaren bidez, Miguel Ybañez de Ynsausti alkate zela. Dokumentua 1519ko urriaren 20koa da.
Jasotako deskribapenaren arabera bandera originala gorria zen. Irakur daiteke: “...bandera, que es de lienzo de bocarán, colorada, con su bordadura...”.
"Gorriak -adierazi du Mendizabalek- esan nhai du esfortzua, indarra, pasioa... Banderaren kolorea dokumentatuta ez duten zenbati herritan bertako futbol taldearen koloreak erabili izan ohi dira. Gure kasuan, biak gorriak dira, baina bandera lehenagokoa da. XVI. mendean gorria zen ohikoena".
Juan Bautista Mendizabalen hitzetan, “badirudi bandera horren memoria duela urte asko desagertu zela, eta haren tokian udal ezkutua zeraman oihal zuria erabili izan dela, ospakizun zibil eta erlijiosoetarako beste hainbat udalek erabiltzen zuten moduan. Aurkikuntza hau berezia da oso, ez delako batere ohikoa banderen horrelako deskribapenak aurkitzea”.
Aurreko bandera Santa Kutzeko mojek brodatu zuten. Oraingoa "Bordados Gipuzkoa"ren lana izan da, "eurek brodatzen dute, esaterako, Kontxako traineruen bandera ere", gaineratu du Mendizabalek.
Bandera Ofizialaren onarpen prozesua luzea izan da. Eusko Ikaskuntzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren onarpenak beharrezkoak izan dira. Azkenean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean apirilaren 5ean argitaratu zen espedientearen onarpena.