Abestietan hitanoa entzuten den arren, ez da ohikoa bertsotan hika egitea, eta bapatekotasunaren eta sormenaren exijentzia areagotu egiten da, hikaren erabilerarekin. Azkoitiko udala aitzindari izan zen iaz, estrainekoz hika bertso saioa antolatzen eta esperientzia gustagarria izan zen. Eli Pagola eta Andoni Egaña bertsolariek hartu zuten parte. Publikoak erruz gozatu zuen eta bertsolariek hika bertsotan aritzearen gorabeherak izan zituzten hizpide, saioaren ondorengo mahainguruan. Hura ikusita, aurten egitasmoari jarraipena ematea erabaki da, II. Hika bertso saioa antolatuta.
Osteguneko bertso saioa irekia eta doakoa da. Elkarguneko Herriko plaza aretoan izango da, eta gunea bete arte, nahi duen oro sartu ahalko da.
I. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketako saridunak
II. Hika bertso saio ekitaldian egingo da, aurten antolatu den I. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa.
Gazteetan, 18 urtez azpikoetan, Naia Arrizabalaga azkoitiarrak irabazi du lehenengo saria, eta helduetan edo 18 urtetik gorakoetan, Eli Pagola hernaniarrak.
Bigarren saria, gazteen kategorian, Oier Juaristi azkoitiarrak jasoko du eta helduetan, bigarren sariduna, Aimar Goenaga eibartarrarentzat izango da.
Herritarrek egindako bertso-sorta onenaren Azkoitia Saria Noa Break, Intza Arrietak eta Maddi Arrietak jasoko dute, taldean aurkeztu baitira lehiaketara. Helduetan, berriz, Azkoitia Saria Lide Rekondok etxeratuko du.
Bertsopaper lehiaketaren irabazleek saritutako bertsoak abestuko dituzte, sariak jaso ondoren.